Espetxe politikak presoen osasunean eragin kaltegarria duela ohartarazi du Sarek

Euskalerria Irratia 2022ko api. 7a, 12:48

Osasunaren Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egin du Sare Herritarrak, Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

Bi urte dira COVID-19ak egoera ezegonkor eta ezohikoa eragin zuela gizarte osoan. Baita espetxean ere. Barruan, ordea, gehiago dira egin beharrekoak Sare Herritarraren iritziz, presoen osasun egoera hobetzeko. 

Lehenik, salbuespenezko espetxe politikaren amaiera galdegin du Jone Galartzak: “Urruntzeak dakarren bakardadeak, zigorraren luzapena edota ia bizi osoko zigor luzeen ezarpenak eta hirugarren gradura igarotzeko edota baimenak lortzeko ezintasunak eragin zuzena dute preso dagoen pertsonaren osasunean, eta ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak... sortzen dituzte”.

Egun 19 dira gaixotasun larriak dituzten euskal presoak. Sarek aitortu du espetxe politikaren baitan egoera aldatzen hasi dela eta hainbat urrats eman direla. Horrek haien egoera hobetu du, baina “salbuespen egoera” da nabarmentzen dena. 

Salbuespen legedia ez ezik, ordea, espetxeetako osasun-baldintza kaxkarrak ere ezbaian jarri ditu Galarzak: “Espetxeak berak instituzio gisa, hala nola zentroak, medikuen jarrerak eta baliabide faltak osasunean eragin negatiboa izaten dute. Espetxeek ez dute behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen”. 

Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea dela ekarri dute gogora, baita preso diren pertsonei ere, eta preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea duela oroitarazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!