Langabezia Nafarroan pandemia aurretik baino handiagoa dela salatu du ELAk

Euskalerria Irratia 2022ko api. 5a, 07:29

ELA sindikatuko ordezkariak, artxiboko irudi batean.

Horren aitzinean “neurri irmoak” exijitu ditu sindikatuak

ELA sindikatuak kritikatu du langabeziak "pandemiaren aurreko maila gainditzen" duela foru erkidegoan, eta "neurri irmoak" eskatu ditu "gaitz horrekin amaitzeko", hala nola prekarietatearen aurkakoak zein soldata-arrakalaren kontrakoak, baita KPIren araberako soldata igoerak ere.

"Ziurgabetasunaren eta krisiaren aurrean, ezinbestekoa da antolatzea eta mobilizatzea, lan-prekarietatearekin amaitu eta sektore publikoan zein pribatuan lan-baldintzak duintzen dituzten neurrien alde borrokatzeko", adierazi du ELA sindikatuak ohar baten bitartez.

ELAren arabera, 700 langabe baino gehiago erregistratu dira martxoan, eta "langabezian daudenen erdiak baino gehiagok ez du inolako langabezia-prestaziorik jaso".

Sindikatuaren ustez, "Nafarroan enplegua suntsitu da berriro, eta langabeziaren igoera 705 pertsonakoa izan da otsailarekin alderatuta, hau da, % 2,09ko igoera". Hala, langabezia-tasa %11,9ra igo da, "beste behin ere, Europako eta inguruko herrialdeetako batez bestekoaren oso gainetik". Guztira, 34.398 pertsona daude langabezia zerrendetan izena emanda, "eta horrek pandemia aurreko langabezia-mailak gainditzen ditu (2020ko otsailean 33.975 pertsona zeuden langabezian izena emanda)".

Kontratazioari dagokionez, kontratuen behin-behinekotasun-tasak "pixka bat hobera" egin du aurreko hilabeteetako zifrekin alderatuta; hala ere, "behin-behinekotasunaren ehuneko oso handia dute oraindik".

"Ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen %83 aldi baterakoak izan dira. Kontratazio mugagabearen barruan, estatuan (ez baitago autonomia-erkidegoen arabera banakatuta), nabarmen igo da aldizkako kontratu finkoen erabilera; zehazki, kontratu mota hori %572 igo da iazko hil beraren aldean. Gogora dezagun aldizkako langile finkoen hobekuntzak hutsalak direla eta estatistikak makillatzera datozela", adierazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!