32 milioi euroko inbertsioak iragarri ditu Gobernuak Sakana eta Larraungo industriaguneetan

Euskalerria Irratia 2022ko api. 4a, 12:44

Eskualdeko erakundeekin topaketa egin du gaur Foru Gobernuak Irurtzunen. 

Nafarroako Gobernuak 32 milioi euro inbertituko ditu aurten Sakanan. Foru agintaritzaren eta toki entitateen arteko Elkarrizketa Konferentziaren bosgarren bilera egin dute astelehen honetan, eta Maria Txibite presidentea izan da bertan.

Iragarritako inbertsiotik 30 milioi euro Arakil, Irurtzun, Altsasu eta Lekunberri industrialdeetan bideratuko dituzte, eta beste 2 milioi euro errepide-sarea hobetzeko eta autobidean korridore ekologikoa sortzeko, Arakil parean.

Irurtzungo Kultur Etxean egin duten topaketan José Mª Aierdi bigarren lehendakariorde eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak eta inguruko udal ordezkariek ere parte hartu dute.

Bere hitz hartzean, Txibitek aipatu dituu Gobernua zonalde horretako "industria-garapenari ematen ari zaion bultzada eta bere bide-sarearen hobekuntza".

Azken gai horri dagokionez, gogora ekarri du duela gutxi Irurtzungo saihesbide berriaren obrak hasi direla, 1,1 milioiko aurrekontuarekin; 650.000 euro esleitu direla Izurdiagan A-15 errepiderako lotune bat eraikitzeko, eta beste 360.000 Goizuetako NA-4150 errepidearen bihurguneak hobetzeko proiekturako.

Foru Gobernuko presidenteak Sakanako korridore ekologikoa sortzeko proiektua ere izan du hizpide. REACT funtsetako 5 milioirekin finantzatuko dutela azpimarratu du, eta Etxarri Aranatzen autobidearen gainetik 100 metro inguruko fauna-pasabide bat izango da hori, Aritzalkoko hariztiaren bi eremuak lotuko dituena.

Azpimarratu duenez, "kontserbaziorako garrantzi handia duen eta tokiko ekonomiarentzat bultzada garrantzitsua den konektibitate ekologikoko arazo bat konpondu nahi du" exekutiboak.

Osasun arloan hobekuntzak ere iragarri ditu presidenteak, tartean, Altsasuko osasun-zentroan plaza finkoa duten hiru mediku lanean hasiko direla laster, "asistentziaren kalitatea hobetzen lagunduko dutenak" eta lan-taldearen behin-behinekotasuna murriztuko dutenak.

Hezkuntza arloan, aldiz, gogorarazi du datorren ikasturtean Sakanako LHIKren eskaintza zabalduko dutela gradu gehiagorekin, eta ikasturte honetan Nafarroako ATECA lehen geletako bat estreinatuko dutela, "teknologia aplikatuko gune batzuk, non prestakuntza ematen den, adibidez, errealitate birtuala erabiliz". Hori dela eta, "Hezkuntzaren kalitatea eta prestakuntzaren berrikuntza hobetzearen aldeko apustu garbia" dela adierazi du.

Azkenik, Maria Chivitek aipatu du Nafarroako Gobernuak eta Sakanako Garapen Agentziak banda zabalaren hedapena errazteko sinatu zuten hitzarmena, eta adierazi duenez, 116.000 euroko inbertsioa ekarri du 19 herritara abiadura handiko Internet eramateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!