Mila baino gehiago dira Ukrainatik Nafarroara iritsi diren errefuxiatuak, 1.021 hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak egindako kalkuluaren arabera. Kalkulu horietan kontuan hartzen dira foru-erkidegoan nazioarteko babesaz arduratzen diren bi erakundeek (Gurutze Gorria eta CEAR) hartutako pertsonak, Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiak sortutako Larrialdi Bulegoak jasotako informazioa eta udaletako oinarrizko gizarte-zerbitzuek helarazitako informazioa.
Foru Gobernuak jakitera eman duenez, 1.021 pertsonetatik 86 gizonak dira, 447 emakumeak eta 488 adingabeak, eta hori bat dator EBko Ukrainarekin muga egiten duten herrialdeetan ematen ari den babeslekuaren tipologiarekin; izan ere, ihes egin duten pertsonen ia erdiak haurrak dira, %40 emakumeak eta %10 baino ez gizonak.
"Ez dago sarrera aterik Ukrainatik datozenentzat", eta %80 baino gehiago etxeetara iristen dira, bai familia-sareetatik, bai harrera-familietatik; beraz, "oso garrantzitsua da" larrialdietako ofizialarekin harremanetan jartzea, "Nafarroara iritsitakoan dituzten eskubideen berri izan dezaten".
Une honetan, 155 pertsona daude Gurutze Gorriak kudeatzen dituen lehen harrerako dispositiboetan (14 gizon, 80 emakume eta 61 adingabe), eta dagoeneko 343 pertsonak eskatu dute aldi baterako babesa horretarako prestatutako Atzerritarren Bulegoetan, 308k Iruñean eta 35ek Tuteran, Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak emandako datuen arabera.