Euskarazko arreta jasotzeko eta zerbitzua kalitatez eskaintzeko, administrazioak dituen gabeziak agerian utzi ditu Behatokiak. Hizkuntza Eskubideen egoera 2021 txostena aurkeztu dute. Iaz 20 urte bete zituen Behatokiak, eta ohartarazi dutenez eremu batzuetan hizkuntza eskubideen alorrak antzeko argazkia erakusten du egun.
Emandako pausoak edo egindako lorpenak arriskuan izan daitezkeela ohartarazi du Gaubekak, gehien bat auzitegiek hartutako erabakien ondorik. Merezimenduen dekretua da atzerapauso horietako bat Behatokiaren iritziz.
Gora egin du Behatokiak azken urtean jaso duen kexa kopuruak. 1.199 jaso dituzte. Nafarroako Gobernuko administrazioa izan da kexa gehien jaso dituzten erakundeetako bat, 149 kexa pilatu ditu.
Nafarroako Departamentu ezberdinetatik egunero ematen diren urraketak administrazio honek hartzen dituen erabaki ezberdinen isla direla azaldu du Gaubekak: “Hainbat kasutan, zerbitzuak euskaraz jasotzea ezinezkoa izaten da, eta beste zenbaitetan, herritarrek albo-kalte ondorioak pairatu behar izaten dituzte”. Araudi egokia garatu behar dutela dio, eta lanpostuak euskarazko zerbitzua eskaintzeko prestatu beharko liratekeela.
Hezkuntzaren alorrean euskaraz ikasteko oztopoek bere horretan jarraitu dute 2021ean ere, Nafarroa sistema publikoan euskarazko murgiltze-ereduak dituen lege mugez gain, haur eskola, lanbide heziketa edo unibertsitateetan euskarazko eskaintza falta egoteak, erabat baldintzatzen ditu herritarrak.