Nafarroako Parlamentuan Espainiako Gobernuak Sahararekiko hartutako azken erabakien aurka egitea nahi zuten talde parlamentarioek. Bi adierazpen instituzional eztabaidatu dituzte gaur Mahai eta Eledunen batzordean, baina PSNk ez du horiek onartzea ahalbidetu. "Espainiarrak babesteko egin behar zuena egin du Espainiak", adierazi du Ramon Alzorriz sozialistak.
Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak aurkeztu dute horietako bat. Parlamentuak Nazio Batuen Erakundeak Saharako auzia bideratzeko proposatutako erresoluzioekin bat egitea eta Saharako Errepublika arabiar demokratikoaren alde egitea asmo zuen testuak. Navarra Sumak alde bozkatu du; ez, ordea, PSNk.
Geroa Baiko Uxue Barkosek kezka agertu du gertatutakoarekin, aurrekaririk gabeko jarrera aldaketa dela uste baitu. Espainiako presidente Pedro Sanchezek gizarteari azalpenak zor dizkiola adierazi du. Barkosek osoko bilkurara eramanen du gaia, eta Nafarroako presidenteari galdera bat eginen dio gaiaz.
Harriduraz hartu du erabakia EH Bilduk. Nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik, Marokoko Planak sahararrentzat irtenbiderik ez dakarrela adierazi du Adolfo Araizek.
Zurturik azaldu da Ahal Duguko Mikel Buil Espainiako Gobernuaren iritzi aldaketaren aurrean. Parlamentuan orain arte erakutsitako adostasuna apurtu dutela deitoratu du, aurtengo otsailaren 28an onartu zuten azkena. “Herria abandonatu dute”, kritikatu du Builek. “Saharar herritarren aurkako jokaldi makurra izan da”, ebatzi du, berriz, Marisa De Simon Ezkerrako eledunak.
Navarra Sumak bere kabuz eraman du bigarren adierazpen instituzionala. PSOEren jarrera gaitzestea zuen helburu eskuineko hirukoaren testuak. PSNk kontra bozkatu du.
Otsailean, saharar herriaren askatasunaren alde
Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu zuen otsailaren amaieran. Testua legegintzako talde guztiek batera aurkeztu zuten. Adierazpenean, adierazi zuten saharar herriak "45 urte baino gehiago daramatzala bakearen bila", eta nabarmendu zuten "etengabeko konpromisoa" duela saharar herriaren eta errefuxiatuen defentsarekin.