Prekarietatearen erradiografia egin du ELA sindikatuak. Behin behinekotasuna, soldata txikiak eta lan-osasuna kontuan izanik Nafarroan zenbat langile prekario dauden aztertu dute: 134.300 langilek dituzte baldintza ez-egonkorrak. Langilerik zaurgarrienak dira, gainera, eskualdeko arduradun Saioa Urrizak azaldu duenez. Egoerak bi erantzule dituela uste du ELAk: patronalak eta Nafarroako Gobernua.
Soldatak krisiaren konponbidea izan daitezke, sindikatuaren iritziz. Eta horretarako langileen antolakuntza ezinbestekoa dela aldarrikatu dute. Hurrengo hilabeteetan grebak bultzatuko ditu ELAk, erresistentzia kutxa horretara bideratuz.
Bitartean, lantoki guztietan prekarietatearen aurkako plan bat landuko du sindikatuak, sei neurri lortzeko: gutxieneko 1.381 euroko soldata, asteko hogei orduko gutxieneko kontratuak, subrogazio eskubidea bermatzea, behin-behinekoen kaleratzeen indargabetzea, administrazioko behin-behinekoen kontsolidazioa eta ikuskari kopurua bikoiztea.
Krisia langileek ez ordaintzeko, lau proposamen
Lau proposamen eraman zituen atzo Kontseilu Ekonomiko eta Sozialera ELA sindikatuak. Sektore energetikoa publikoa izan dadin eskatu dute, trantsizio ekologikoaren bermea, sakoneko erreforma fiskala eta zorraren kontu-ikuskaritza. 2008ko krisiarekin gertatu zena ekiditeko ezinbestekoak dira, Imanol Paskual ELAko Nafarroako koordinatzailearen iritziz.
Gobernuaren parte hartzea orokorkerietara mugatu zela deitoratu du, ordea; eta ez du jarrera aldaketa nabarmenik ikusi. Nafarroak, “zoritxarrez”, Yolanda Barcinaren garaiko zerga-sistema duela zehaztu du Paskualek. Haren esanetan, sortu den egoera langileen kalterako izan dadin ekidingo du sindikatuak.