Ostiralean iragarri zuen Navarra Sumak Hitzarmen Ekonomikoa onartzea ahalbidetuko diola Nafarroako Gobernuari. Abenduaren 10ean adostu zuten testuaren berritzea bi gobernuek, baina egikaritzeko Nafarroako Parlamentuaren eta Espainiako Gorte Nagusiek berretsi behar dute. Abenduaren 23an egin zuen Nafarroako gobernuak lehenengo saiakera, foru ganberan. Geroa Bai eta EH Bildu alderdiek kontra bozkatuko zutela iragarri zuten, inputazio indizean gehitutako aldaketa batek autogobernuari eraso egiten diola argudiatuta. Egoera horretan, eztabaidatik kendu zuen exekutiboak bozketa. Geroztik, negoziazio saio zenbait egin ditu ekonomia eta ogasun kontseilari Elma Saizek taldeekin eta hitzarmena sinatu ondotik batzorde bat eratzeko proposamena egin zien.
Jarrera irmoa izan dute horietan alderdi abertzaleek. Inputazio indizearen ezartzea nafar parlamentuaren eskumena izan dadila nahi dute; beraz, hasieratik adierazi diete sozialistei alde bozkatzeko bere horretan utzi behar dutela horri buruzko 68. artikulua.
Sozialisten aldetik, akordiorako ahaleginik egon ez dela salatu du Geroa Baik. Adostasuna lortzeko aukera bazegoela uste du Uxue Barkosek, baina hiru hilabeteren ondotik aukerak galdu direla. Luzapena gakoetako bat da Geroa Bairen ustez: “Abenduaren 23an testua berdina zen, zergatik itxaron beraz hiru hilabete? Lan erreformaren eztabaidatik banandu nahi ote zuten?”. Barne krisiak estaltzeko erabili du hitzarmena UPNk, Geroa Bairen ustez; eta “betiko politikara eta akordioetara” itzuli izana kritikatu du.
Martxoaren 16an bilera eginen du Ekonomia eta Ogasun kontseilariak parlamentuko talde guztiekin, hitzarmenaren inguruan hitz egiteko. Zentzu gutxi aurkitzen dio bilerari koalizioak, baina aukerak “azken unera arte” agortuko dituztela adierazi du Barkosek.
Alderdi sozialistak “bide errazena” hartu du, EH BIlduren iritziz. “Badirudi alderdi sozialistak erabaki duela testua ez aldatzea”, adierazi du Bakartxo Ruizek. “Uste dugu, sozialistak okertu direla. Bidaide txarra hautatu dute”. Helburu politiko garbia duen erabakia izan dela uste du ezkerreko koalizioak. UPNk gobernatzea du helburu, Ruizen hitzetan, “betiko akordioetara itzuliz”. Eskuinan bi jarrera nabarmentzen ari dira EH Bilduk dioenez: eskuin muturrera jo duten Sayas eta Adanero eta sozialistengana jo duen UPN. “Nafar jendartearen gehiengoari ez diote erantzungo, ez batak, ez besteak”, esan du eledunak.
Sozialistek, aldiz, Espainiako Gobernuarekin adostutako testua defendatu du agerraldi guztietan. Gaur ere horrela egin dute. Aho batez onartzea edo ez, Geroa Bairen eta EH Bilduren esku dagoela esan du Ramon Alzorrizek, orain arteko jarrera mantenduko dutela berretsiz."Beste lege asko gobernuko bazkideekin aterako ditugu aurrera, eztabaidatzen duen alderdia da PSN", esan du.
Hiru hilabete hauetan, Navarra Sumaren jarrera izan da zalantzazkoena. Bilerak izan dituzte, baina eskuineko hirukoak ez du haren boto erabakiaren inguruko adierazpenik zehatzik egin. Ostiralean argitu zuen afera Navarra Sumako eta UPNko buru Javier Esparzak, Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok herri plataforma aurkeztu zuten egun berean. Espainiako lan erreformaren bozketak eragin du zatiketa UPNen. Sozialisten eskaeren aurrean men egin duela egotzi diote Esparzari, eta borondate hori berretsi du honek azken erabakiarekin. Eskuinetik eskuinera begira jarri dira Sayas eta Adanero; UPN, berriz, zentrora.
Navarra Sumako Javier Esparzaren iritziz, hitzarmenaren eztabaidak erakutsi du EH Bildu eta Geroa Bai ez direla fidatzeko kideak. "Diskurtso propioa duela oholtzaratzen ari dira", esan du Geroa Bairi buruz. EH Bilduk gaia UPNren krisiarekin nahastu izana deitoratu du.
Navarra Sumaren babesa eskertu dute Ahal Duguk eta Ezkerrak. “Ongi iruditzen zaigu Navarra Sumak bat egitea. Akordioa ona da”, adierazi du Ahal Duguko MIkel Builek. Baina “ahalegin gehigarri bat” eskatu diote gobernuari adostasun gehiago aurkitu dezan. Ezkerrako Marisa De Simonek ere aho batez onartu nahiko luke erreforma: “Gobernuak boto guztiak lortzeko lan egin beharko luke”.