Kaosaren parte izan ordez, irtenbidearen parte izatea da helburua, bizitzak salbatzea eta eragin kaltegarriak murriztea. Beraz, borondate ona soilik ez da nahikoa. Adibide bi jarri dituzte. Batetik, gauzaz laguntzea. Arazo gehigarria da hori kaosa bizi duten herrialdeetan, logistikoa hasteko. Baina bertako ekonomian ere eragina du, txarrera. Bigarrenik, gatazka guneetara ez joateko eskatu dute, are gutxiago jendea ekartzea. Epe luzerako laguntza emateko koordinazioa baita helburua.
Lagungarriena dirua da, erakundeen iritziz. Donazioak egitea auzian lanetan ari diren erakundeei. Beharra dutenek erabaki dezaten zertara bideratuko duten ekarpena, ez dezagun hemen erabaki.
Emakumeak eta haurrak dira orain ihes egiten ari direnak, eta horien zaurgarritasuna zaintzen saiatzen ari dira. Horiengana iritsi nahi dute, "Ukraina barruan eta kanpoan", bertako erakundeekin elkarlanean eta bide ofizialetatik laguntza eskainiz, mafiak saihesteko.
Hiru arrera mota gertatzen ari dira: Nafarroan bizi diren ukrainarrenak, bertakoen arrera familia izan direnena eta orain eskaintzen diren berrienak. Lehenengo bietan lotura emozionala berezkoa da, eta naturalagoak dira; hirugarrenak, ordea, zailagoak dira kudeatzen, aitortu dute. Animatzen direntzeako ohar bat eman dute: "Epe luzeko auzia izanen da, ez bi eguneko kontua".
Zaila egiten zaie zehaztea zenbat errefuxiatu iritsiko diren Nafarroara eta noiz. Edonola ere, etortzen diren guztiei arrera egiteko zerbitzuak prestatzen ari dira, Migrazioen departamentuak martxan jarritako bulegoaren bitartez.
emergencia.ucrania@navarra.es eta 848421971 telefonoan eskatu daiteke informazioa edota laguntza eskaini.