CCOOk "langileen ahalmen ekonomikoa" bermatuko dituzten politikak eskatu ditu

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 11a, 13:17

Ukrainako gatazkak prezioen gorakadan eta hornigaien faltan duen eragin zuzenaren jabe izanik, esfortzua energia-enpresei dagokiela iritzi dio sindikatuak. 

CCOOk adierazi du ez duela onartuko “Ukrainako gatazkaren eraginez sortutako prezioen krisia langileek euren soldaten bidez ordaintzea”. Industria federazioko bozeramaile diren Josema Romeo eta Eva Ziaurrizek egin dute agerraldia sindikatuaren egoitzan.

Prezioek etengabe gora egiten duten une honetan ohartarazi dute “langileriak eskuratze ahalmena galtzeko” arriskua dagoela, batez ere industria arloan non “hainbat enpresek dagoeneko behin behineko itxierari ekingo diotela” jakinarazi duten.

Dela prezioen garestitzearengatik, dela hornigaien faltarengatik, industria arloko milaka langileren lanpostuak arriskuan daudela salatu dute, hain zuzen ere zenbait hitzarmen kolektibo sinatzear daudenean. Horregatik adierazi dute ez dutela utziko “langileak euren soldataren bidez paga-buru izatea eta energia eta bestelako ekoizpen eta hornitze ereduak planteatzeko” eskatu diete agintariei.

Horregatik soldata akordioak eskatuko dituztela azpimarratu dute, epe luze batean zehar “langileen ahalmen ekonomikoa bermatuko duten akordioak”. Honekin batera Gobernuaren esku-hartzea eskatu dute elektrizitatearen merkatuan, “energia ekoizle handien irabaziak murrizteko ordua” delakoan.

Gainera industria arloan Nafarroan negoziatzen ari diren metalaren, konponketa tailerren eta iturginen hitzarmenak, zein estatu mailan negoziatzen ari den barazki-kontserben hitzarmenak, 12.000 langilerengan eragina dutela nabarmendu dute.

Azkenik Madrilgo Gobernuari eskatu diote Estatuko Lan Zerbitzuaren sarea indartzeko, “aurreikusten dituzten aldi baterako lan txostenak ahalik eta azkarren erregulatu eta pandemiaren hasieran gertatu ziren ordainketa atzerapenak ekiditeko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!