Ernaik 'BostEHun eta zutik!' Gazte Martxaren egitaraua aurkeztu du

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 11a, 07:19

'BostEHun eta zutik!' martxaren aurkezpena. Iturria: Argia

Zugarramurdi eta Baztan lotuko dituzte apirilaren 14tik 17ra bitarte.

Ernai gazte antolakundeak BostEHun eta zutik! lelopean deitu du  aurtengo udaberriko Gazte Martxa. Ohiko moduan, hitzaldi, tailer eta lantegiez gain, musikarik ez da faltako udaberrian. Apirilaren 4an hasiko da Zugarramurdin eta 17an, "Aberri Egunarekin bat eginik", amaituko da Baztanen. Egitarau oparoa osatu du gazte independentisten taldeak,  "25 tailer, hitzaldi eta ikuskizun eta  31 musika taldek joko" baitute bertan. Dagoeneko lau eguneko bonoa zein egun solteetarako txartelak salgai daudela iragarri dute.

Aurkezpen oharrean, Ernaik azpimarratu du "urteroko gazte independentisten topalekua" dela Gazte Martxa. Zehaztu dute "bi urteko geldialdiaren ostean, Euskal Herriko gazteria independentistak berriz topo egiteko unea" izanik, espero dutela aurtengoan gazteek hutsik egingo ez dutela. Gazte Martxa beraz ohiko formatura itzuliko da 2020an bertan behera gelditu zelarik alarma egoera ezarri eta agindutako etxeratzeagatik; eta 2021eko murrizketak indarrean "apirilean zehar eredua birpentsatu eta EH! Ez gaude inoren zain lelopean hainbat kontzertu antolatu zituen gazte antolakundeak Hego Euskal Herriko hainbat txokotan".

Aurtengoan baina, "ekimena ohiko moduan aurrera eramatea da" Ernairen asmo eta helburua. Hori dela eta topaketa ibiltaria eta musika jaialdia uztartuko dituen formatua proposatuz itzuli dira. BostEHun eta zutik! lelopean, Nafarroa eta Lapurdiren arteko mugetako batetik abiatuko dira. Nabarmendu dute "Amaiurko gazteluaren setioaren bostehungarren urteurrenari keinua eginez, zutik dagoen herria eta zutik dagoen gazteria badela" aldarrikatuko dutela.

Aurten 500 urte betetzen baitira Nafarroako Erresuma erori zenetik, eta Gazte Martxa hau, antolatuko diren ekitaldien artean lehenetarikoa izango da. Ohiko aldarriei eta etorkizuneko erronkei eutsiko die Ernaik, horien inguruan gogoea egin eta lanean jartzeko, haien artean "Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko gazteriaren grina eta bultzada" irudikatzea. "Bestelako Euskal Herria posible dela" adieraziko dute lau egunetan zehar: "feminista, justua, ekologista...". 

Nola ez gazte antolakuntzaren plataforma anitzak aztertuko dituzte eta gogoeta gai izango dira ere.

Apirilaren 14an Zugarramurditik abiatuko da gazte martxa, Erratzun geldialdia eginez. Biharamunean Erratzutik Elizondora iritsiko dira eta bertan ekingo diote "egitarau politiko eta musikalari", hilak 16an. Azkeneko egunean, apirilaren 17an, Aberri Egunean, amaituko da egitasmoa; Iruñean.

Orotara 25 tailer, hitzaldi eta ikusizuneko egitarau kultural eta politikoa antolatu dute gazteek. Larunbat eguerdian, 12:30ean Akeita gunean, “Borrokak egiten gaitu aske!” izenpeko mahainguru zentrala egongo da. Bertan, gazte antolakundeak egungo ziklo politikoari ekiteko estrategia propioaz hausnartuko du, gazte estrategiaren nondik-norakoak zabaltzeko asmoz.  Larunbat iluntzean, 20:30ean, izango da ekimeneko ekitaldi politiko nagusia.

31 musika taldek jarriko dute "Baztan dantzan": Streetwise, Nikotina, McOnak, Perlata, Willis Drummond, Crim, Tremenda Jauria, Skakeitan, Xiberoots, Kaleko Urdangak, Liher, Rukula, La Furia, Yare Collective, Aiaraldeko Sound System, Ibil Bedi, Sua, Tribade, Iruñerria Jamaica Clash, Pleura, Marta & Herbass, Romea, Silitia, Dupla, DJ Reimy, XSakara, Skabidean, Erroka, Madame Birrots eta Iheskide.                                                                                

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!