Nafarroako Gobernua eta UNICEF: “Ez da gomendagarria haur ukrainarrak hartzea, haien familiengandik bananduta”

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 9a, 07:48
Ukrainako inbasioaren aurkako elkarretaratzea, Iruñeko Gazteluko Plazan (Argazkia: Ekinklik)

Bi erakundeek eskertu egin dute hainbat herritar nafarrek gerratik ihesi datozen haurrak hartzeko prest azaldu izana, baina oroitarazi dute hobe dela familia osoei egitea harrera.

Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialen Departamentuaren bitartez, eta UNICEFek eskerrak eman dizkiete Nafarroako herritarrei Ukrainako egoerarekin erakusten ari diren "elkartasunagatik", gatazkatik ihes egiten duten haurrak hartzeko borondatearen bidez, baina nabarmendu dute haiei laguntzeko modurik onena kaltetutako familiei harrera egitea dela.

"Ulergarria da, krisi humanitarioko egoera hauen aurrean, herritarrek gatazkak kaltetutako adingabeak ahalik eta gehien babestuko dituzten konponbide azkarretan pentsatu nahi izatea, baina horiek euren familietatik bereiztea ez da irtenbide bat, trauma gehigarri bat baizik", adierazi du Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariak, eta Foru Gobernuak igorritako prentsa-ohar batean "irtenbide egonkorrak eta iraunkorrak" bilatzearen alde egin du, "haurren interesak benetan zainduko dituztenak".

Bestalde, UNICEF Nafarroako Batzordeko koordinatzaile Maider Gabilondok "Ukrainan krisi honen biktima izan diren haurrei lagundu nahi dieten pertsona guztien sentsibilitatea" nabarmendu du. "baina laguntzeko bultzada horrek ezin du haur horien eskubideen babesa urratu edo arriskuan jarri, eta babes hori bermatzeko prozedura batzuk daude", gaineratu du.

"Hasieran eman dezake haur ukrainar bat etxera eramatea dela aukerarik onena, baina, oro har, krisi humanitarioen testuinguruan bizi diren haurren harrera ez da alternatibarik gomendagarriena, salbu eta, haur bakoitzaren interes gorena aztertuta, hala dela ondorioztatzen bada", azaldu dute. Hala ere, kasu bakoitzean eskumena duten erakundeek erabakitzen duten irtenbideak "egonkorra eta iraunkorra" izan behar du.

Nazioarteko esperientziak erakusten duenez, "une jakin batzuetan haur bat bere ingurunetik deserrotzeak ondorio oso negatiboak izan ditzake". Horregatik, "kasu bakoitzean aukerarik onena zein den baloratu behar da".

Ildo horretan, azpimarratu behar da inoren kargura ez dauden adingabeen harrera, haien jatorria edozein dela ere, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuko Familia eta Adingabeen Zuzendariordetzaren bidez egin behar dela, "adingabearen eskubideak eta premiak bermatzeko" araututako prozedura bati jarraituz.

Harrera bat legezkoa izan dadin, eta adingabearen interes gorenari kasu egin diezaion, baldintza batzuk bete behar dira, hala nola haurra babesgabetasun-egoera egiaztatuan egotea, adingabe horrentzako "erabakirik onena" beste herrialde batean harrera-familia bat bilatzea eta harrera-familia horiek "egokiak" izatea. Horretarako, Nafarroako Gobernuak ezarritako izapide batzuk bete behar dituzte, hura egiaztatzeko.

Unicefen datuen arabera, gatazkatik ihes egin duten haur gehienek helduekin batera egin dute. Kasu gehienetan amekin bidaiatzen dute, baina badira erreferentziazko beste heldu batzuekin bidaiatzen duten haurrak ere, hala nola osaba-izebekin edo lagunekin, gurasoek herrialdean geratzea erabaki baitute. Horrela, eta haur bakoitzaren interes gorena aztertuta baietz ondorioztatzen ez bada, krisi humanitarioen testuinguruan bizi diren eta pertsona heldu bat lagun duten adingabeen harrera "ez da alternatibarik gomendagarriena".

Adingabeek, gurasoen zaintzarik gabe, "indarkeria, abusua eta esplotazioa jasateko arrisku handiagoa dute". Haur horiek mugetatik igarotzen direnean, arriskuak "biderkatu" egiten dira. Salerosketa-arriskuak ere gora egiten du larrialdi-egoeretan. Horregatik, UNICEF bezalako erakundeek inguruko herrialde guztiei eskatu diete haurren identifikazioa eta berehalako erregistroa bermatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!