Euskaltzaleen Topaguneak eta Nafarroako Gobernuak heldu den azaroa eta abenduan ospatuko den Euskaraldia antolatzeko hitzarmena sinatu dute. Hitzez ekiteko garaia lelopean eginen dute 2022ko Euskaraldia, azaroaren 18a eta abenduaren 2a bitarte. Herri Harremanetarako kontseilariak, Ana Ollok, eta Nafarroako Topaguneko zuzendariak, Oskar Zapatak, sinatu dute "egitasmoa gauzatzeko" hitzarmena.
Berrikuntzak izango ditu aurtengo Euskaralidak eta horietako batzuk gaur aurkeztutako hitzarmenaren baitan jaso dituzte. Topaguneak zehaztu du "proposamen berriak egingo" dizkiela partaideei, "orain arteko ahobizi eta belarriprest rolei eutsita, landu nahi dituzten hizkuntza portaerak errazago eta jantziago burutu ditzaten". Euskaraldiaren antolatzaileek zehaztu dute gainera bigarren edizioan martxan jarritako "ariguneak finkatzeko urtea izango" dela 2022a.
Nafarroako Euskaltzaleon Topaguneko zuzendariak, Oskar Zapatak, gogora ekarri du “Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea" dela. Izan ere, egitasmoak hiztun helduen "aktibazioa du oinarri, gutxieneko baldintza euskara ulertzea delarik.”
Zapatak "hitzez ekiteko garaia" dela azpimarratu du udazkenean izango den edizioaren leloarekin bat eginik. “Euskaraz hitz egitea errazago izan dadin kaleak eta plazak betetzeko garaia heldu da, ilusioz, arduraz, gogoz, emozioz…” gaineratu du.
Ana Ollo kontseilariak aldiz, ekitaldian azpimarratu du "euskara, batez ere, komunikatzeko tresna bizia" dela. Eta, gaineratu du "horregatik, hiztun berriekin dugun konpromisoa defendatzen dugun bezala, haien prestigioa eta sustapena bultzatzen lan eginez, Euskaraldia bezalako ekimen garrantzitsuak babesten" dituela Gobernuak. "Proiektu honekin herritarrek erakusten digute ekintza kolektiboa gai dela topiko interesatuak gainditzeko eta aukeren eta balio positiboen mundua irekitzeko", azpimarratu du Ana ollok.
Hirugarren edizioan belarriprestek eta ahobiziek aukera berriak izan ditzaten bermatzeko elkarlana nabarmendu du Herri Harremanetarako kontseilariak, "auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune".
Hitzarmenak 145.000 euroko laguntza jasotzen du, eta programa koordinatzeko eta zabaltzeko, sustapen eta sentsibilizazio-jardueretarako, ekitaldi publikoetarako eta erakunde eta udalerrietan sustatzeko erabiliko dira.
Datozen hilabeteetan data hauek mugarri izango dira 2022ko Euskaraldiari begira:
- maiatza: ariguneen izen-ematearen irekiera.
- ekaina: Euskaraldiko abestiaren aurkezpena
- iraila: lorpenak eta erronkak aurkezteko ekitaldi nagusia
- iraila: belarriprest eta ahobizien izen ematea.
- azaroaren 18tik abenduaren 2ra: Euskaraldia.