Nafarroako Parlamentuko talde guztiek kezka agertu dute Ukrainako gerraren suspertzeak Nafarroan izan ditzakeen ondorioekin. Batetik, errefuxiatuei emanen zaien arreta kalitatezkoa izan dadila eskatu dute. Ahal Duguk eginen dio galdera horri buruz gobernuari.
Hala ere, ostegunean kontrol saioan, ondorio ekonomikoei erreparatuko diete parlamentariek. Nafarroako Gobernuak lau galdera erantzun beharko ditu. Gerrak izan ditzakeen eraginez galdetuko dio EH Bilduk. “Aurrekontuetan eta diru sarreretan zein eragin izanen duen argitzea nahi dugu”, adierazi du Adolfo Araizek. Ezkerrak, berriz, prezioen gorakadari aurre egiteko zein neurri ezarriko diren jakin nahi du. Geroa Baik, berriz, gizarteak dituen erronkak nola aldatu ditzakeen landu nahi du. “Krisi klimatikoari eta elikagaien krisiari aurre egiteko zer nolako urratsak emanen dituzten galdetuko diegu”, argitu du Uxue Barkosek.
PSNk erasoa kritikatu du: “Nazioarteko legearen kontrakoa da, dramatikoa da”. Errefuxiatuen etorrerari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak sortutako departamentuen arteko taldeaz galdetuko dio alderdi sozialistak Nafarroako presidenteari. “Garai zailak datoz”.
Gerrari ez mezua nabarmendu dute, bestalde, Ahal Duguk eta Ezkerrak. “Diplomazia gehiago behar da, ezin dugu Ukraina bakarrik utzi negoziatzen”, adierazi du alderdi moreko Mikel Builek. Bi taldeek armen bidalketa gaitsetzi dute. Sozialistek, ordea, bestelako jarrera agertu dute: “Hitz politekin ezin zaio egoerari aurre egin”.