“D eredua da hauturik onena”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mar. 7a, 10:00

Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako eta Lehen Hezkuntzarako aurrematrikula egiteko epea gaurtik ostiralera izango da zabalik. 2019. urtean jaiotako 5.332 haurren familiek eredua aukeratu behar dute. NIZE eta Sortzen elkarteko kideek D ereduaren ezaugarri “aberasgarriak” zerrendatu dituzte, Euskalerria Irratian. 

Abiatu da aurre-matrikulazio kanpaina. Gurasoek ostiralera arte izanen dute izen emateak egiteko aukera. Sortzen-ek, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta NIZE erakundeek argi dute: D eredua da aukerarik onena. Elkarrekin aUPa euskara! Ahotik mundura! izenburuko kanpaina garatu dute. 

Nekane Lasa (NIZE): “Inklusiboa eta kalitatezkoa da D eredua”

Argi izan lelopean antolatu du kanpaina propioa NIZE Nafarroako D ereduko ikastetxeetako zuzendarien elkartea. Nekane Lasarekin mintzatu gara Metropoli Foraleko albistegian. 

 

Zergatik ez dugu zalantzarik egin behar?

Bermatzen duelako ikaskuntza kalitatezkoa, hurbilekoa eta gertutik abiatzen den, mundura zabaltzen dena.

Zeintzuk dira D ereduak dituen bereizgarriak? 

Alde batetik gertutasunetik abiatzen dela eredua. Oraingo gizarteak eskatzen dituen beharrak asetzen ditu, metodologia inklusiboak eta aktiboak bermatuz. Hezkuntza berrikuntzan murgilduta dagoen eredua da eta oso ongi egokitzen zaio eskola komunitateari. Nafarroan hainbat eskola ditugu, mota eta baldintza desberdinetakoak, haien beharretara ondoen egokitzen den eskola aukeratu dezkete familiek. 

Eredu eleaniztuna dela ere nabarmendu duzue.

Bai, noski. Beti esaten dugu, euskaraz murgiltzen den eredua da, baina horrekin batera paraleloki bermatzen dira bai gaztelaniazko eta ingelesezko gaitasunak. 

 

Marta Diez (Sortzen): “Administrazioaren inplikazioa behar dugu euskarazko irakaskuntza Nafarroa osoan bermatzeko"

Euskarazko irakaskuntza hauturik onena dela nabarmendu du Sortzen elkarteak. Marta Diez kidea izan da Euskalerria Irratian. 

 

Zergatik da hauturik onena?

40 urteko emaitza akademikoak erakusten dute D ereduko ikasleek prestakuntza handia dutela, hiru hizkuntza ikastea bermatzen duen eredua delako. Eredu anitza eta inklusiboa da. Eredu aberasgarria da ere gizarte eta kultura mailan. Azken finean, hobeago da gehiago jakitea, gutxiago baino. Sinplea da, baina horrela da. 

'Nik x zuk x guk = etorkizuna euskaraz'. Hori da aukeratu duzuen leloa.

Sortzen elkarteak D ereduko eskola publiko berriaren alde egiten du hautua. Kanpaina Iruñerrian eta zonalde diskriminatuan zabaldu dugu. Hainbat herriekin landu dugu, D ereduan matrikulatuta dauden familiak inplikatu ditugu eta kanpaina polita geratu da. Ikusgarriak. 

Euskarazko eredua ez da aukera bat nafar guztientzat. 

Hori aldatzeko lana ezinbestekoa da. Horregatik eskatzen dugu ere administrazioaren inplikazioa, eremu diskriminatuan zailtasun handiak daudelako eta ez delako bermatzen osotara. Baina hemen Iruñerrian ere behar izugarriak daude. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!