ETB1ek ‘Non dago Mikel?’ pantailaratuko du ostegunean

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 7a, 09:52
Pelikularen zuzendari Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas, estreinaldiaren egunean, Golem zinemetan..

Ostegunean, martxoaren 10arekin, Non dago Mikel? pelikula ETB1en ikusteko aukera izanen da, 22:30ean.

Amaia Merinon eta Miguel Angel Llamas Pituk zuzenduriko Non dago Mikel? pelikula 2020ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten. Horren baitan, Irizar Sariko aipamen berezia jaso zuen. Gero, beste hainbat zinemalditan izan da ikusgai, eta, besteak beste, Uruguaiko AtlatiDoc saria jasu du.

Zinema areto komertzialetara 2021eko otsailaren 26an iritsi zen, eta lehen astean Euskal Herriko pelikularik ikusienen artean izan zen. Madrilgo estreinaldian, Espainiako Gobernuko bi kidek hartu zuten parte, Pablo Iglesias presidenteordeak eta Irene Montero Berdintasun ministroak.

Deigarria izan zen telebistan lehendabizikoz pantailaratua izatea Euskal Herritik kanpo, Katalunian, TV3ek aurtengo urtarrilaren 11n emititu baitzuen, katalanezko azpidatziekin. Aste honetan, behingoz, ETBra iritsiko da, ostegunean, hilak 10, pantailaratuko baitute, 22:30ean.

ETBren pantailaratzea Eusko Jaurlaritzak berriki Mikel Zabalzari egindako omenaldiaren ondotik dator. Otsailaren 27an Orbaiztan egindako ekitaldian, Mikel Zabaltza biktima moduan aitortzen duen txostena eman zion Eusko Jaurlaritzak haren familiari.

Filmak 1985. Urtean Mikel Zabalzari  gertatu zitzaiona kontatzen du: Guardia Zibilak ETAko militante batekin nahasi eta atxilotu zuen, eta desagertuta eman zituen hogei egun. Desagerpenaren aurrean, erantzun bila jo zuen gizarteak, askotariko bertsioak baitzeuden gertatutakoaren inguruan. Bertsio ofizialaren arabera, bere buruaz beste egin zuen gazteak, Guardia Zibilari zulo baten berri ematera zihoala. Bidasoa ibaian agertu zen Mikelen hilotza, eta gertaera hark izugarrizko anabasa sortu zuen euskal gizartean: protesta ugari eta eztanda sozial handiak eragin zituen.

Gizartean, baina, beste bertsio bat nabarmendu zen:  torturen ondorioz hil zela, torturatuta hil zutela Zabalza. Harekin batera atxilotutako lekukoek berretsi egin zuten bertsio hori, poltsa edo bainuontzia aplikatuta hil zutela; baina inoiz ez zuten inor epaitu. Azaroan 35 urte bete ziren Zabalza hil zenetik, eta haren familiak eta gertukoek egia jakin nahian jarraitzen dute oraindik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!