Otsaila ohi baino epel eta lehorragoa izan da

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 3a, 12:09

Haize bolada gogorrenak hilaren 1ean eta 13an erregistratu zituzten.

Landa Garapen eta Ingurumen departamentuak otsaileko datu metereologikoak eman ditu eta urteko bigarren hilabetea "epela" eta "prezipitazio gutxikoa" izan dela azpimarratu du. Nafarroako urtegiak edukieraren %82an daude.

Prezipitazioei dagokienez, bataz bestekoaren oso azpitik kokatu dira Nafarroa osoan, eta iparraldeko herenean soilik erregistratu dituzte batez besteko balioen % 25etik gorako prezipitazioak. Hegoaldeko ia estazio guztietan, berriz, prezipitazioaren ehunekoa % 10etik behera kokatu zen. Aresoko estazioan bakarrik erregistratu da ohiko batez besteko prezipitazioaren % 50 baino gehixeago. Bestalde, Erriberako zenbait estaziotan ez da prezipitaziorik izan, baina aurretik ere gertatu izan dira estazio horietan. Hilabete honetako izaera nagusia muturreko lehortasuna izan da Erriberan eta Lizarraldeko eta Iruñerriko hegoaldeko erdietan. Gainerakoetan, izaera nagusia "oso lehorra" izan da.

Tenperaturei dagokienez, otsaila oso beroa izan da hegoaldean eta beroa iparraldean. Iruñerria eta Irunberri aldean ere ohi baino beroagoa izan da. Hilabete honetan egoera antizikloikoa izan da nagusi, eta tenperatura minimo baxuak eta tenperatura maximo altu xamarrak eragin ditu. Estazio gehienek 1 eta 2 ºC arteko aldeak izan dituzte ohikoarekin alderatuta: Sesma (+2,7ºC) eta Faltzes (+2,2ºC) izan dira batez besteko balioetatik gehien urrundu direnak, eta Luzaide/Valcarlos (+0,3ºC), Betelu eta Navascues (+0,5ºC) izan dira gehien hurbildu direnak.

Haizeari dagokionez, boladarik handienak Iturgoienen (110 km/h hilaren 1ean), Bardea-Loma Beltzean (109 km/h hilaren 1ean), Gorramendin (108 km/h hilaren 13an) eta Aralarren (101 km/h hilaren 13an) erregistratu dituzte.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!