2019an moldatu zuen Nafarroako Gobernuak herrialdeko eskola mapa. Horren arabera, Noaingo ikastetxea da Tebas-Muru Artederreta eta Beriain herriko haurrentzako erreferentziazko zentroa. Aldaketarekin kexu dira geroztik, baina, euskarazko irakaskuntzaren aldeko familiak.
Hizkuntza murgilketarik gabeko D-PAI eredua eskaintzen dute Noainen. Eta hori ez da gurasoek haien haurrentzako nahi dutena. Familien aburuz, euskara eta ingelesa nahasten dituen D-PAI ereduak ez du bermatzen behar diren hizkuntza-gaitasunak eskuratzea, eta euskara ikasten ematen den ordu-kopurua askoz ere txikiagoa da. Eredua haien beharretara egokitzen ez dela diote: guraso gehienak ez direlako euskaldunak, eta hezkuntza delako haien seme-alabak euskalduntzeko bitartekoa.
Gogorarazi dutenez, eskualdea legez eremu ez-euskaldunean zegoenean erabaki zuten familiek euskarazko ereduaren alde egitea. Kanpora atera behar izatea, alegia, Hegoalde ikastolara eramanez haien seme-alabak. Alde horretatik, eskola-autobusa funtsezko elementu kohesionatzailea izan dela gogorarazi dute. Baina horretan ere aldaketak izan dituzte, eta zenbait familiek oraindu behar dute garraioa.
Eremu mistoa dira legez orain Tebas-Muru Artederreta eta Beriain. Aitzitik, lehen bezala euskarazko irakaskuntza hautatzen dutenei eskubideak urratzen ari zaizkiela azaltzera joan dira gaur Nafarroako Parlamentuko hezkuntza batzordera, parlamentariek ere, haiek aurretik egin izan duten gisan, Hezkuntza departamentuari eskatu diezaioten "hizkuntza-ereduen egitura birplanteatzeko eta udalerrietarako D ereduko erreferentziazko ikastetxea aldatzeko”.