Haur Hezkuntza zikloaren curriculuma osatu du Nafarroak

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 1a, 12:48

Gobernuak gardentasun atarian argitaratu du 0-6 urte arteko haurren heziketa arautuko duen testua, ekarpenak jaso ditzan.

Nafarroako Hezkuntza departamentuak Haur Hezkuntzako 0 eta 6 urte bitarteko zikloaren irakaskuntzetarako curriculum bat jasotzen duen foru dekretua osatu du. Pauso aitzindaria da, Gobernutik adierazi bezala "mugarria".

 

Aurretik inoiz ez dute arautu Haur Hezkuntzako etapa osorako gutxieneko irakaskuntzen antolamendua, behintzat, etapa osoaren edukiak, helburuak, xedeak eta printzipio orokorrak eta pedagogikoak definituz.

 

Foru dekretuaren edukia, Gobernuaren gardentasun atarian jendaurrean ikusgai jarri dute eta ekarpenak egin dakizkioke. Testuak etapa bakoitzeko aurreikusitako gaitasun espezifikoak jasotzen ditu arloz arlo, bai eta ziklorako ezarritako ebaluazio-irizpideak eta oinarrizko jakintzak ere. Honekin batera eskolatzearen hasieratik bertatik garatu beharko diren funtsezko gaitasunak biltzen ditu.

 

Nafarroak proposatutako curriculum berria Estatuak agindutako LOMLOE hezkuntza lege berriarekin lerratzen da. Foru Dekretu bidez arautuko den proiektuak ezartzen du ikastetxe publiko, pribatu eta itundunek beren hezkuntza-proiektuan bi zikloen (0-3 urte eta 3-6 urte) hezkuntza-izaera jasotzen duen proposamen pedagogiko bat eskaini beharko dutela, curriculuma garatuz eta beharko dutela. 

 

Hezkuntza departamentuak azaldu du "Haur Hezkuntza berezko nortasuna duen hezkuntza-etapa bat" dela, haurrak jaiotzen direnetik sei urte bete arte artatzen dituena, hiru ikasturteko bi ziklotan antolatzen dena, eta hezkuntza-edukiak hiru arlotan dituena: "harmonian haztea, ingurunea aurkitzea eta ustiatzea, eta errealitatea komunikatzea eta irudikatzea". Etaparen helburuen artean, honako hauek nabarmendu dituzte: "garapen integrala eta harmonikoa dimentsio guztietan (fisikoa, emozionala, sexuala, afektiboa, soziala, kognitiboa eta artistikoa), autonomia pertsonala indartzea eta bizikidetzarako balio hezkideetan heztea".

 

Proposamen honek mantentzen du Haur Hezkuntza zikloa "hautazkoa" eta "doakoa" dela. Era berean, Nafarroako Gobernuak nabarmendu du, hezkuntza-administrazioekin batera, lehen zikloaren eskaintza "nahikoa" eta "doakoa" izan dadin era "progresiboan" lan egingo duela,  "pobrezia-arriskuan eta gizarte-bazterketako egoeran dauden ikasleei eta eskolatze-tasa baxuko egoerari lehentasuna emanez". Hori kontuan hartuta, "parekidetasuna eta inklusioaren printzipioak bermatze aldera", ziklo honen programazioak, kudeaketak eta garapenak "kultura, gizarte eta ekonomia-jatorriko desberdintasunek haurren ikaskuntzan eta bilakaeran dituzten ondorioak" aintzat hartuko dituela adierazi dute.

 

Foru dekretuak adierazten duenez, ikastetxeek, Hezkuntza Departamentuak erregelamendu bidez zehazten duenaren arabera, !eskola-ordutegiko denbora bat eman beharko dute curriculumaren zati bat euskaraz garatzeko, A hizkuntza-ereduaren kasuan, eta gaztelaniaz, D hizkuntza-ereduaren kasuan!. Halaber, ikastetxeek eskola-ordutegiko denbora bat eman ahal izango dute curriculumaren zati bat atzerriko hizkuntzan garatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!