Irabia-Izaga eta Miravalles-El Redin ikastetxeek ikasturte honetan ikasleak sexuaren arabera banantzen segitu dute, Lehen Hezkuntzako lehen mailan izan ezik. Hori horrela, joan den asteazkenean, Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok iragarri zuen ikastetxeon itunak indarrean segituko duela betiere ikasle berriak ez badituzte sexuaren arabera banantzen, argudiatuz 2012ko lege batek dioela jada matrikulaturik dauden ikasleek eskubidea dutela bere horretan segitzeko derrigorrezko hezkuntza amaitu arte.
Atzo, Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondotik, Navarra SUmako bozeramaile Javier Esparza "pozik" azaldu zen neurriarekin, eta iragarri zuen gurasoek hezkunzta eredua hautatzeko eskubidearen alde" lanean segituko duela.
PSNko eledun Ramon Alzorrizek “arrakasta handizat” jo zuen neurria: “Hirurogei urteren buruan gobernu aurrerakoi batek sexuaren araberako bereizketarekin amaitzea lortu du”.
Geroa Baiko bozeramaile Uxue Barkos ere ontzat jo zuen irtenbidea: “Guk lehen egunetik proposatu genuen azkenean hartu den neurria. Duela urtebete halako aurrerapausoa irudikaezina zen, beraz ezin da etsigarritzat jo”.
Haatik, gobernua sustengatzen duten beste hiru indarrek hain justu etsigarritzat jo zuten Gimeno kontseilariaren erabakia. EH Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, “ikastetxeek emandako hitza urratu dute”, eta horren aitzinean “malgutasun interesatuz” jokatu da.
Ahal Duguko Mikel Builek salatu zuen “neurri guztiz indargea” dela, akordio programatikoan hitzarturikoa aintzat hartuz. Ezkerrako Marisa De Simonek gaineratu zuenez, “oso etsigarria da bereizketarekin amaitzeko hainbat ikasturteko epea eman izana”.