Mikel Zabalza orbaiztarra Estatuaren biktima gisa aitortu du Eusko Jaurlaritzak. Beharrezkoa zen errekonozimendua, Geroa Baiko Uxue Barkosen iritziz. “Beharrezkoa senideentzat eta Nafarroako gizartearentzat”, zehaztu du. Nafarroan Jaurlaritzak egin duenaren antzeko aitortza egin ahal izatea nahiko luke Geroa Baik, baina gogoratu du “Nafarroako esparru normatiboak ez duela horrelako errekonozimendu bat egiteko aukerarik ematen”.
Aitortza “beharrezkoa” zen Ahal Duguko Mikel Builen iritziz ere. Nafarroan poliziaren indarkeriaren eta eskuin muturreko taldeen indarkeriaren biktima izan daitezkenen eskaerak aztertzeko batzordea eratzeke dagoela gogoratu du: “Berehalakoan hasi behar gara batzorde honekin lanean”.
Geroa Bai eta Ahal Duguren gobernu kide PSNk. ordea, ez du gaiaz iritzi jakinik eman nahi izan, eta Nafarroako legen pean egiten direnei “mugatuko” direla adierazi du Ramon Alzorriz sozialistak. “Ganbera honetan onartutako lege bat dugu, eta horren garapean lan egin behar dugu”, esan du. Oposiziotik, oso bestelako jarrerak azaldu dituzte. Poza agertu du EH Bilduk. “Sentsazioa gazi gozoa da, azken batean Eusko Jaurlaritzak egin behar izan duelako hori, nafar bati buruz ari garenean eta 36 urte pasa direlako herriak zekiena aitortzeko”, adierazi du Bakartxo Ruizek. Zabalzaren auzia torturaren “icebergaren punta” dela iritzi dio alderdi independentistak, eta Nafarroako Gobernuaren lehenengo bizikidetza planean tortura aipatzen ez dela deitoratu du. “Egiteke asko ditugu Nafarroan, eta legealdi hau erabakigarria izanen da”, gaineratu du.
Navarra Sumak Jaurlaritzaren erabakia "errespetatzen" duela adierazi du. Baina bizikidetza plana eta EH BIldu kritikatzeko baliatu du agerraldia. Sozialistak indar independentista zuritzen ari direla esan du Javier Esparza eledunak, biktimen arteko mailaketa erabaliz: “EH Bilduk bizikidetza plan toruratuak gehitzen ez direla esateko aipatu du, ez ETA gaitzesteko”.