Nafarroako EHNE sindikatuak positiboki baloratu du Animalien Osasunari buruzko Foru Legearen aldaketak mugak ezartzea Nafarroako etxaldeen abere kopuruari dagokionez, baina jarritako langa "oso handia" dela uste du. 1.250 animaliatan jarri du muga Foru agintaritzak.
Sindikatuak ohar bidez azaldu du "Caparrosoko makroustiapena kenduta, esnetarako behien oso ukuilu gutxi" hurbiltzen direla kopuru horietara eta, "are gutxiago, gainditu egiten" dituztela.
Gaineratu dute haragitarako behien kasuan, sektore "gehienbat estentsiboa" dela, eta zifra horiera ez direla egun hurbiltzen ekoizleak.
Hori dela eta, sindikatuak kritikatu du "legearen aldaketan jasotako muga-marjina zabalak" ez diola "errealitateari erantzuten, eta tarte handiegia" uzten diola "etxalde jakin batzuek hazten jarraitzeko aukera izan dezaten eta modu horretan "abeltzaintza txiki, familiar eta estentsiobei kalte egiteko moduko dimentsio batera" iristeko aukera emanez.
EHNEko Nafarroako ordezkariek "baserriko 650 abelburuko muga proposatu zituzten gehienez esnetarako behietan eta 500ekoa haragitarako behietan", adierazi dute gaurkoan..
"Jakinda legearen aldaketak ezin duela atzeraeraginezko izaerarik izan lehendik dauden makroustiategietako buru kopurua mugatzeko, gure sindikatuak erakundeei eskatzen diegu beharrezko mekanismoak aplika ditzatela negozio horiek, abeltzaintza jasangarriarekin zerikusirik ez dutenak, dagozkien osasun- eta ingurumen-betebeharrak bete ditzaten", azpimarratu dute.
Berretsi dute ganadua etxaldeetan kontzentratzea mugatu egin behar dela, "ez bakarrik" animalientzat baizik eta kontsumitzaileentzat ere "osasun-berme handiagoa duen lehen sektorea sustatzeko". Horrekin batera Europako egungo araudiak sektore horri aitortzen dion funtzio-aniztasuna betetzen duen abeltzaintza garatzeko beharra aldarrikatu dute agirian, "elikagaiak ekoizteaz harago, landa-eremuei eusteko funtsezko jarduera gisa, lurraldearen oreka soziala eta ekonomikoa lortzeko".