Sistemari su ematera deitu du mugimendu feministak

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 24a, 12:50

'Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra' lelopean manifestazioak eginen dituzte Euskal Herriko hiriburuetan, martxoaren 8an. Iruñean, 20:00etan izanen da Antoniuttitik abiatuta.

Egungo sistemak emakumeak itotzen ditu eta mugimendu feminista ez dago hori onartzeko prest. 2020ko martxoan egin zen martxoaren 8arekin azken manifestazio handia, aurten berriz ere hartuko ditu kaleak aldarri feministak. Egunero zapaltzen, erasotzen eta erailtzen gaituen sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista, kapazitista hau kiskali nahi dugu. Jendartearen zati handienarentzat, eta bereziki emakumeontzat zein sexu-genero disidenteontzat kriminala eta jasanezina den eredu honekin bukatu nahi dugu", adierazi du Ane Zaldua Larraza kideak.

Sistemari su emateko bidea feminismoa dela aldarrikatu dute. Feminismo "anitza eta inklusiboa" babestu dute. Adierazi dutenez, “iraultza feministak bizitza politizatzea eskatzen du, egunerokotasuna borroka eremu bihurtzea”. “Gure gorputzak arautzen dituzten botereez kontziente izan eta errotik eraldatzeko prest egotea”, azaldu du Zaldua Larrazak. Hala, gatazka "saihestezina" dela diote.

Atzerritartasun legearen derogazioa galdegin dute, bizitzak erdigunean jartzeko botere egituren aldaketa, bizitzaren sostengurako ardura kolektiboa “publikoa, doakoa eta integrala”, enplegu duinak, kalitatezko pentsioak, kontsumo eredu berria, jendarte irisgarria, indarkeriarik gabekoa.

Plazak, kaleak eta txoko guztiak feminismoz betetzeko beharra azpimarratu dute. Eta horretarako, batasunaren garrantzia nabarmendu dute. 

Martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Egunean, 20:00etan abiatuko da manifestazioa Antoniuttitik, 'Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra' lelopean. Deialdia nazionala izan da gaur: Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta herri eta auzoetan ere izanen dira protestak, lelo berdinarekin.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!