"Argi izan, ereDu Distiratsua" lelopean, NIZE-k eskola publiko eta euskaldunaren aldeko matrikulazio kanpaina aurkeztu du. "Kolore guztietako argi disdiratsuak dira gure ikastetxeak, Nafarroa osoan zehar bat egiten dutenak, balore eta oinarri jakin batzuk sarean sustatzen dituztenak" azaldu du aurkezpenean Maider Aldaia, Amaiur ikastolako zuzendariak, "Eredu eleanitza gara, euskaraz murgiltzen dena eta gaztelania eta ingelera maila altua duena". Aldaiak adierazi duenez, D ereduko ikastetxe publikoetan, "Proiektu berritzaile eta metodologia aktiboak erabiltzen dira, Hezigarri, Skolae eta laguntza programak bezalakoak". Ikastetxe hauek sarean lan egiten dute, "Proiektuak, prestakuntza, materialak, proposamenak...elkarrekin partekatuz, ikastetxe bakoitzaren izaera errespetatuz". Emaitza akademikoek egindako lana balorean jartzen dute, "Gure gizartearen esparru guztietan bizi da euskara: zientzian, osasunean, hezkuntzan, enpresatan... Leku horietan guztietan, gure ikastetxeetan hezitu diren eta gizarteari ekarpen handia egiten dioten ikasleak aurkitzen ditugu".
Aniztasuna
Nafarroako ikastetxe publiko euskaldunak bertako lurra eta kulturaren ezagutzek erdigunea hartzen duten arren, "Munduari begira, ikuspegi globala eta eleanitza" duten ikastetxeak direla azaldu du Maider Aldaiak.
Nafarroako Gobernuko hezkuntza departamentuak jakinarazi duen bezalqa, aurrematrikulazio datak martxoaren 7tik 11ra izango dira.