Cesar Layana: “Oroibidea osatzeko ehun elkarrizketa egiten ari gara”

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 23a, 11:01

Memoriaren Nafarroako Institutuak erregistratu eta bildutako ahozko memoria biltzen duen webgunea da Oroibidea. Hamalau proiektu ezberdinen esparruan grabatutako ikus-entzunezko 1.235 zati eta 161 elkarrizketa oso jasotzen ditu. Cesar Layana Nafarroako Memoriaren Institutuko dokumentazio saileko burua Metropoli Forala saioan izan da. 

Oroibidea Nafarroako Memoriaren Institutuaren garrantzi handiko ekimena da Cesar Layana Nafarroako Memoriaren Institutuko dokumentazio saileko buruak Euskalerria Irratian azaldu duenez. 1936ko estatu-kolpearen ondoren eta diktadura frankistaren garaian gertatutakoari buruzko memoria gorde eta zabaltzeko helburuz jarri du martxan Oroibidea ataria Nafarroako Gobernuak. 

Webgunea oso tresna garrantzitsua izango dela uste du Layanak, iragan hurbilari buruz ikertu nahi dutenentzat, eta lehen mailako hezkuntza-baliabide bat belaunaldi gazteenak iragan horri buruzko hausnarketa kritikora hurbiltzeko.

Oroibidea-Memoria-Bidea ataria bi URL-tan eskura daiteke: www.oroibidea.es eta www.caminodememoria.es. Bi sarbideetako edozeinetatik aukera daiteke nabigazioa gaztelaniaz edo euskaraz. 

Orri nagusian bilatzaile bat agertzen da, elementu nagusia, eta bilaketa-iradokizunak eskaintzen ditu. Era berean, testigantzak biltzeko proiektuen bidez eta, batez ere, Oroibideko tesauroa osatzen duten hitz gakoetatik abiatuta, 744 hitz gako bila daitezke oraingoz, pertsonekin zerikusia dutenak (bereziki testigantzetan aipatzen diren errepresioaren 345 biktimekin), lekuekin (adibidez, 38 hobi aipatzen dira) eta gaiekin. Gainera, mapa batek lekukotzak geografikoki kokatzeko aukera ematen du, eta azken urteotan ahozko istorioen inguruan aurkeztu diren erakusketa birtualak ikus daitezke.

Proiektuak, indexatutako elkarrizketen eta zatien kopurua handitzeaz gain, pixkanaka Nafarroako Memoriaren Institutuak digitalizatutako beste material mota batzuk integratuko ditu eta horietan guztietan bilaketa integratua ahalbidetuko du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!