Maria Txibite: “Gobernu honek ez du inor derrigortuko euskara ikastera”

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 22a, 13:45
Maria Txibite Nafarroako presidentea, Ser Navarra foroan. (Argazkia: Ser Navarra)

Euskara ikasi nahi duenak, "dagoen tokian dagoela", ikasteko aukera izan dezan lanean ari direla azpimarratu du Nafarroako presidenteak, SER Navarra foroan.

Euskararen II plan estrategikoa onartzear du Nafarroako Gobernuak, eta aurreko ostegunean eztabaida politikora atera zuen gaia Navarra Sumak. Eskuineko hirukoak dio herritarrak euskara ikastera derrigortuko dituela planak. Finean, asmo bat jasotzen du testuak, ikastetxe guztietan euskara ikasgaia gehitzeko aukera aztertzea, eskola-ume guztiei euskararen “gutxieneko ezagutza” izan dezaten. Baina “inposizioaz” aritu ziren koalizioko parlamentariak. 

Maria Txibite Nafarroako presidenteak gaur erantzun die, SER Navarra foroan: “Nahi ez badu, gobernu honek ez du inor derrigortuko euskara ikastera. Baina gehiago esan nahi dut. Euskara ikasi nahi duenak, dagoen tokian dagoela, egin ahal izatea sustatzen ari gara”. Horretarako bi bide bultzatzen ari direla zehaztu du presidenteak: derrigorrezko hezkuntzan D eredua eta helduentzako Euskarabideatik ematen dituzten laguntzak. 

Euskara eztabaida politikotik laster ateratzea nahiko luke Nafarroako Gobernuko buruak. Horretarako errealitate soziolinguistikoa onartu beharko litzatekeela zehaztu du, eta dauden azken adierazleetatik bat azpimarratu du: “Euskararen legea martxan jarri zenetik, gora egin du euskara dakitenen kopuruak”. Euskararen sustapena “derrigortasunetik baino nahitasunetik” egin behar dela uste du.

Koalizio gobernuen defentsa

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi duenez, koalizio-gobernua "geratzeko etorri da". Pandemia bat tartean izanik ere, akordio programatikoaren % 60 gauzatu dela azpimarratu du. "Koalizio gobernu batean beti daude desadostasunak", esan du, baina Exekutiboaren lana defendatu du. 

Desadostasunen artean, eskuartean duten hitzarmen ekonomikoaren legea dago. 
Elma Saiz kontseilariaren eta alderdien arteko hartu-eman berriak martxoko lehen hamabostaldian eginen dituzte, adostasuna nahi eta behar duelako gobernuak. Ziurtasunez esan du aurrera aterako dutela. 

Egiteke dauden legegintza-erronkei dagokienez, bestalde, udalen finantzaketa berria azpimarratu du presidenteak. Publikoaren arreta eragin duen puntua izan da hori, bertaratutakoen artean Enrique Maia Iruñeko alkatea zegoelako. Finantzaketa berriak hiritartasun gutunik gabe utziko du hiriburua, eta hiriak hartzen dituen ardura zenbait gobernuak ordaintzea nahi du udalak. Gaur hitz egin dute aurrekoz aurrez aurre gaiaz. 

Adostasunik ez dago Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren artean. Baina gobernuak kasu honetan nahikoa babes du aldaketa aurrera ateratzeko; beraz, Iruñeak zerbitzuei uko egin eta langileak kaleratu ezean, zarata mediatikoan geratu daiteke guztia. 

Edonola ere, gaur aurkitu dute adostasunerako gai bat bi ordezkari politikoek. Sanferminak nahi dituzte aurten. Koronabirusaren adierazleak gero eta hobeagoak dira, eta horrek sanferminak izateko aukera eraginen duela espero du presidenteak.

Pandemiari lotuta, egun erronka nagusia suspertze lana dela nabarmendu du, "ekonomikoa eta soziala". Iragarri duenez, gaueko aisialdiko ostalarientzako laguntza deialdi bat prestatzen ari da gobernua. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!