Nafarroako Gobernuak 'Ni publikokoa naiz' lelopean luzatu du eskola publikoan matrikulatzeko deia

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 21a, 14:19

2022-2023 ikasturterako aurreinskripzio epea martxoaren 7an irekiko dute.

Martxoaren 7an irekiko dute Haur eta Lehen Hezkuntzan izena emateko epea eta Nafarroako Gobernuak aurkezu du Ni Publikokoa Naiz kanpaina, herritarrak euren seme-alabak eskola publikoan matrikulatzera deituz. Aurrematrikulaziorako epea martxoaren 11ra arte luzatuko da, eta 2019an jaiotako 5.332 haurri eragingo die.

Gobernuak familiak animatu ditu beren seme-alabak ikastetxe publikoen sarean inskribatzera. Gaurkoan adierazi dute sare horren ezaugarriak direla, besteak beste, "Nafarroa osoan familia-etxeetatik gertu egotea, eta haien izaera inklusiboa eta anitza izatea".

Hizkuntza aniztasuna azpimarratuta digitalizazioaz eta hezkidentzan eginiko aurrerapausoak nabarmentzen ditu euskarri anitzetan egingo den kanpainak, honekin batera Gobernuak adierazi du eskola publikoak ezaugarri hauek izan dituela: "Irakaskuntzako programa aitzindariak ezarri ditu hezkuntza-ziklo eta etapa guztietan, eta, gainera, azken bi ikasturte hauetan osasun-segurtasuna bermatu du COVID-19ak eragindako pandemiaren aurrean".

Hezkuntza departamentuak gaur aurkeztu duen kanpainak, zentzu horretan, honako kontzeptu hau nabarmentzen du: eskola publikoa «Sortu nahi duzun eskola» dela, eta bere irudia haurrentzako baliabide pedagogiko ezagun bateko piezekin osatutako kolore anitzeko bihotz batean zentratzen dela.

Onarpen-prozesu arruntean parte hartzeko eskaerak, ahal dela telematikoki izapidetu beharko dituzte guraso edo legezko tutorek eskakizun horretatik salbuetsita geratuko dira atxikitako ikastetxera sartzen diren ikasleak. Hala ere, familiak hala eskatuz gero, onarpen-eskaeran adierazitako edozein ikastetxek laguntza eman beharko du izapideak egiteko, eta eskatzaileak hala eskatuz gero, eskabidea ordezkari gisa aurkeztu beharko du. Horretarako, familiak ikastetxeetako idazkaritzara joan daitezke laguntza eskatzeko.

Ikasle bakoitzarentzat eskabide bakarra aurkeztu beharko dute, eta bertan adieraziko dute zein ikastetxe aukeratu duten lehenengo aukera gisa, baita beste bost ikastetxe gehiago ere, lehen aukerako ikastetxean plazaren esleipendun ez izatekotan. Hezkuntza sailak ohartarazi du, hautaketa hori "lehentasun-ordenaren arabera" esleituko dutela. Eskatutako zentro bakoitzerako, baremoa aplikatuz lortutako puntuen batuketaren ondoriozko esleituko zaie zentroa ikasle berriei. Eskabidean ikastetxeak zein ordenatan jarri diren kontuan hartuta, plaza esleituko zaio eskatzaileari, onartuen artean lehentasun-hurrenkera altuena duen zentro horretan.

Lehen aukerako ikastetxeak arduratuko dira aurrez izena emandako ikasleen datuak EDUCAn sartzeaz, datuak egiaztatzeaz eta dagozkion baremazio-irizpideak aplikatzeaz.

Hauek dira irizpideak:

  • Ikastetxean anai-arrebak matrikulatuta izatea (3 puntu)
  • Gurasoen edo legezko tutoreen bizilekuaren edo lantokiarekiko hurbiltasuna (4, 3, 1, 0 puntu)
  • Familia-unitatearen per capita errenta (3, 2, 1, 0 puntu)
  • Ikaslearen edo haren guraso, legezko tutore, anai-arreba edo anai-arreben desgaitasuna (2.5, 2, 0,5 puntu)
  • Genero-indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatea (puntu 1)
  • Ikastetxean lan egiten duten gurasoak edo legezko tutoreak (0,8 puntu)
  • Familia ugariaren legezko baldintza (0.8 puntu)
  • Ikaslearen familia-harrerako egoera (0.8 puntu)
  • Guraso bakarreko familia izatea (0.8 puntu)
  • Erditze anizkoitzetik jaiotako ikasleak (0,8 puntu)

Berdinketak ebazteko, aurretik aipatutako irizpideak aplikatuko dira hurrenez hurren, berdinketa hautsi arte. Berdinketak bere horretan jarraitzekotan, hurbiltasun linealaren irizpide osagarria erabiliko dute. Hala eta guztiz ere berdinketa desegingo ez balitz, zozketa bidez egingo da hautaketa. Zozketa 2022ko martxoaren 4an egingo dute, ekitaldi publikoan, 13: 00etan, Hezkuntza Sailean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!