Agurne Gaubeka (Behatokia): “Herritarrok ikusarazi behar diegu ezin dituztela gure hizkuntza eskubideak urratu”

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 18a, 13:53

Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu du izapide elektronikoak euskaraz egin ahal izatearen aldeko mozioa, baina halaber atzera bota du hori bermatuko luketen bitarteekoak jartzea. Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Agurne Gaubekak uste du Nafarroako herritar euskaldunok kalean argi utzi behar dugula ez gaudela halako urraketak onartzeko prest.

Aje emozionalik, atzoko Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuraren biharamunean?
Pixka bat bai, eta amorru pixka bat ere bai.

Aho batez onartu Izapide elektronikoak euskaraz egin ahal izatea, baina horretarako beharrezkoak diren baliabideak egitearen kontra. Albiste ona da ala txarra?
Urtarrilean, UEMAk eta Behatokiak tramite telematiko guztiak euskaraz egin ahal izatea eskatu genuen parlamentuan, eta aurrez aurreko arreta eta telefono bidezkoa ere euskaraz jaso ahal izatea eskatu genuen. Egun horretan ere jaso genituen inpresioak oso onak izan ziren. Parlamentari guztiak ados zeuden esaterakoan benetan hutsune nabarmenak zeudela euskarazko arreta eta euskarazko tramite telematikoak egin ahal izateko. Atzo, azken momentuan, “bermatu” hitza erabiltzea onartu zuten, hau da, bermatu nahi dute tramite elektroniko guztiak euskaraz eskaini ahal izatea. Baina gero dator bigarren puntua, eta da hori nola eramango den aurrera, Alderdi batzuen ustez, itzulpengintza zerbitzuak nahikoa lirateke horiek bermatzeko. Eta gu esaten ari garena da hori ez dela nahikoa. Hau da, tramite telematikoen dekretua duela 15 urte jarri zen martxan. Bai UEMA eta bai Hizkuntza Eskubideen Behatokia parlamentutik hainbat alditan pasatu dira gai berdina mahai gainean jartzeko, salatzeko ez dela bermatzen, ez dela euskarazko zerbitzu egoki bat ematera hurbildu ere egiten.

Hainbat parlamentarik harriduraz hartu zuten Navarra Sumak izapide elektronikoak euskaraz egin ahal izatearen alde egitea. Zuk nola baloratzen duzu?
Hasieran bagenekin PSNk ez zuela “bermatu” hitza begi onez ikusten, baina gure harridurarako UPNk onartu zuen, eta azkenean PSNk ere bai. Baina gero bitartekoak jartzeari ezetz esan zioten. Gure ustez oso argigarria da. Hau da, ”bermatu” hori onartzen dute badakitelako ez dela martxan jarriko, badakitelako ez dela bermatuko eta ez bermatze horrek ez duela inongo ondoriorik ekarriko. Hori da hemen arazoa.

Nafarroako administrazio publikoekin, Izapide elektronikoen %23 soilik tramita daiteke euskaraz.
Bai, eta udalen kasuan %2,5 inguruan dabil euskaraz egin daitezkeen tramiteen kopurua. Suposatzen da tramite elektronikoak direla herritarrekin gertutasun bat izateko, azkartasun bat bermatzeko, eta ikusten da hori euskaraz egin nahi duena ez zaiola erantzuten berdintasunean. Hori da salatzen duguna. Eta udalen kasuan gainera arazoak sortzen zaizkiela. Udal batzuek euskaraz funtzionatzen dute. Baina gero dokumentu horiek erregistratzerakoan arazoak izaten dituzte. Lana biderkatzen da eta azkartasun hori oztopatzen da. Beti esaten dugu euskaraz zerbait egin nahi duzun bakoitzean alboko kalte ondorioak jasotzen dituzula. Eta hori da hemen gertatzen dena.

Zein nolakoak dira izapide elektroniko horiek?
Denetarik dago. Tramite sinple bat izan daiteke, edo lan deialdi batera aurkeztea, edo diru laguntza batzuetara aurkeztea. Uste dut 1000 eta piku tramite egin ahal daitezkeela. Eta udalen kasuan ere gauza asko dituzu egiteko. Eta horietan guztietan ezin da tramitea euskaraz egin eta batzuetan euskarazko dokumentuak ere ez dituzte onartzen. Ze azkenean sistema bera gaztelaniaz konfiguratuta dago.

Ze bitarteko beharko lirateke arreta hori euskaraz bermatzeko?
Haiek diote itzulpengintzarekin aski dela, baina itzulpengintza bitartekoetako bat da soilik. Kontuan hartu behar dugu aplikazio horiek guztiak, sistema telematiko horiek guztiak, dokumentazio hori guztia unean-unean eguneratzen dela. Pandemiaren bertan ikus dugu. Eguneratze horretan itzulpengintza ez da nahikoa. Hor behar dituzu langileak, euskara menperatzen duten lanpostuak. Eta hemen dator katramila. Hor ez da neurririk hartu nahi. Lanpostu elebidunak bermatu beharko lituzkete eta ez dituzte bermatzen. Ez hori bakarrik: badugu beste tresna bat, Merezimenduen Dekretua. Merezimenduen bidez ere sustatu dezakezu departamendu horiek euskaraz hobeki funtzionatu ahal izatea. Egiazki bermatzeko lanpostu elebidunak behar dituzu, baina merezimenduen bidez ere lor dezakezu zerbait. Baina horretan ere huts egiten dugu. Orduan oso ongi onartu dute, bermatu behar zaie herritarrei tramite telematikoak euskaraz egitea. Nola egingo da hori? Aipatu zen departamendu bakoitzean zirkuituak ezartzearena eta hori suposatzen da departamendu bakoitzerako plangintzan ezarri beharko litzatekeela. Ez badugu lanpostu elebidunik ez badago inor departamendu batean euskaraz egingo duenik, nola jarri asko dugu hori martxan?

Herritar euskaldunek arreta euskaraz jaso ahal izatearen gainetik, euskaraz ez dakiten herritarren funtzio publikoan sartu ahal izatea lehenesten dute.
Uste dut Navarra Sumako Marta Alvarezek atzo esan zuela herritarrek euskara zerbitzu bat jasotzeko eskubidea ez dela eskubide absolutua. Hor markatzen zuen, eta azkenean hori da hemen gertatzen ari dena, ari zarela langile horien euskara ez ikasteko eskubidea bermatzen, ze azkenean hemen eskubideak ere asmatzen dituzte. Zerbitzuaren gainetik hori jartzen dute.

Arestian aipatu duzun bezala, Ana Olloren departamendutik euskarazko zirkuituak osatu nahi dituzte gainontzeko departamentuetako langile euskaldunak erroldatuz. Zer iruditzen zaizu?
Eraginkorra izan daiteke, betiere departamenduetan euskara menperatzen duen ekipoa baduzu. Kontua da departamendu batzuetan ez dagoela inor edo pertsona bakarra dagoela euskaraz dakiena. Atzo parlamentuan aipatu zen ez dakigula oso ongi zein ehuneko den lanpostu elebiduna. Uste dut Navarras Sumatik aipatu zutela %9, baina hor irakaskuntzako lanpostuak ere sortzen dituzte. Beraz, ez da erreala. Esaten da %3k izango litzatekeela euskarazko profila eta nik nire zalantzak ditut benetan %3 horretara ere heltzen den.

Ari gara euskarazko profila duten lanpostuez. Horretaz gain, badira langile euskaldunak profil euskaldunik gabeko lanpostuetan daudenak.
Bai, egon daitezke. Batzuetan departamendu batera goazenean euskalduna aurkitzen dugu eta txiripaz edo suertez. Ongi legoke horiek ere jakitea zenbat diren, baina benetan guk uste du gu eta zalantza handiak ditugu ea zerbitzuak benetan zirkuitu horiek ezartzeko gai izango diren.

Nafarroako Euskararen II. Plan Estrategikoan, proposatzen da Nafarroako ikastetxeetako haur guztiek euskararen gutxieneko ezagutza bat edukitzea. Navarra Sumak atzo horren aurkako mozioa aurkeztu zuen. Eta onartua izan zen, PSNren botoekin.
Hor dago koska: plan hori Euskararen Nafar Kontseilutik pasa zen, onartu zen, baina ez dakigu non dagoen, non dagoen katramila. Atzokoak pistak eman ditzake, hori dela katramila nagusietariko bat. Honek ere benetan erakusten du Nafarroan gertatzen diren gauzak benetan harrigarriak direla. Denok pentsatzen dugu hezkuntza sistema bat diseinatzerakoan zer nahi dugun, hau da, egungo egoera hobetzea, eta gizarte hobe bat lortzea. Aldiz, atzokoa bezalako mozioek erakusten dutena da nahi dutena egoera mantentzea dela, egungo urraketak mantentzea eta gizartean dagoen egonezin hau, polarizazio hau mantentzea. Guretzako A eredua ez da nahikoa, baina balio lezake haur guztiek behintzat izan dezaten euskararen ezagutza minimo bat. Horrek sustatuko luke ez bakarrik haur horiekiko berdintasuna, baizik eta etorkizunean agian gai hauek eztabaidatu behar ez izatea Parlamentuan. Denok ulertzea euskara Nafarroako herritar guztien hizkuntza dela. Eta aldiz ikusten dugu ezetz. Behin eta berriz ateratzen dituzte eremu bakoitzean euskara menperatzen duten pertsonen portzentaiak eta hortik ez dira mugitzen. Badirudi ez dela aurrerapausorik egin nahi eta batez ere ez dela euskara sustatu nahi.

Geroa Baiko Jabi Arakamak esan zuen sekulako iruzurra zela hizkuntza gutxitua zanpatzailea moduan irudikatzea. Eta EH Bilduko Bakartxo Ruizek beste mozio bat aurkeztu zuten, hain zuzen ere, A ereduaren eskaintza Nafarroa osoan berma dadin.
Navarra Sumak PSN soka motzean lotu nahi izan du. “Hemendik ez zaitez pasa”, esan nahi zion. Pareta bat eraiki nahi dute Nafarroan, herritarren eskubideen eta berdintasunaren kontra. Pareta bat inork hortik aurrera pausu bakar bat ere eman ez dezan.

Horretaz gain, inkesta soziolinguistikoen arabera euskararen aurkako jarrerek gora egin duten honetan, ez ote duten atarramendu elektorala lortu nahi. Euskarafobiak ez ote dizkien botoak ematen. Zer egin horren aurrean?
Erakutsi behar duguna da iruzur eta muga hauek ez direla euskaldunontzat bakarrik, Nafarroako herritar guztientzat direla eta batez ere etorkizuneko herritarrentzat. Zer utziko diegun. Hori dela hemen kontua. Zaila da, baina ikusarazi beharko diegu arazo hau ez dela euskaldunena, baizik eta guztiona. Elkarbizitza eta kohesioa dagoela jokoan. Nolabaiteko aktibazio bat behar dugu. Navarra Sumak badaki herritarrek nolabait halakoak asumitu egin ditugula. Nafarroako Gobernuak gure eskubideak ez bermatzea. Horrek ez diola inongo ondoriorik ekartzen. Eta horri kontra egin beharko diogu. Hemendik eskatzen diet entzule guztiei Nafarroako Gobernuarekin euskaraz harreman daitezela, insistitu, euskaraz. Badakigu oso neketsua dela. Baina gure eskubideak horrela egikaritzen dira.

Mobilizazio hitza aipatu duzu. Kalean protesta egin behar da?
Atzo komentatu nuen: merezimenduen dekretuaren zirriborro hori atzera bota behar dugu. Sei bat hilabete behar dituzte tramitaziorako.

Sindikatuek alegazioak aurkeztu dituzte.
Baina hemen kontua izango da herritarrek zer egiten dugun, gure eskubideak baitaude jokoan. Kalera atera beharko gara. Aurreikusten dugu guk zenbait ekimen egingo ditugula eremu guztietako herritarrekin eta hor ere parte hartzea eskatuko diegu herritarrei.

Mihi gaiztoek diote PSNk dekretuaren afera atzeratu duela, euskaltzaleen protestek hauteskundeekin bat egin dezaten.
Bai, hori esaten dute eta hori horrela da, baina kontua da kalera ateratzen ez bagara, zer geratzen zaigun? Kalera ateratzeak PSNri hauspoa emango badio, ez ateratzeak nori emango dio hauspoa?

Entzun elkarrizketa: 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!