Navarra Suma eta PSN, Nafarroako ikasleek euskararen gutxieneko ezagutza edukitzearen kontra

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 18a, 07:35
Iñaki Iriarte atzoko osoko bilkuran (erdian), Navarra Sumako parlamentariz inguraturik. (Argazkia: Nafarrroako Parlamentua)

Sozialistek eskuinaren euskararen inguruko tesiei men egin diete, beste behin ere

UPNren barne krisiaren erdian, parlamentari erregionalistek euskara polarizazio tresna moduan erabili nahi izan dute foru parlamentuan, eta sozialistek beste behin ere bide horretan lagundu diete.

Nafarroako Euskararen II Plan Estrategikoak proposatzen du “Nafarroako ikastetxeetako haur guztiek euskararen gutxieneko ezagutza bat edukitzeko aukera aztertzea”. Proposamen horren berri eduki bezain pronto, Navarra Sumak aurka egin zuen. Aurretik, kontrol saio batean, Iñaki Iriarte parlamentari erregionalistak horren inguruan galdetu zion Maria Txibite lehendakariari. Foru presidentearen arrapostua, inoiz ez zela euskara ezagutzea exijituko. Atzo, koalizio eskuindarrak mozio bat aurkeztu  zuen, aukera horren aurka. Eta onartua izan zen, Navarra Sumaren eta PSNren aldeko botoekin.

Iriartek atzo azaldutakoaren arabera, Txibitek kontrol saioan emandako erantzuna gustatu zitzaion, eta horregatik aurkeztu zuen atzoko mozioa: “Ikus dezazun ez zaudela bakarrik, eta parlamentuko gehiengoa duzula atzean”, esan zion lehendakariari. “Nahi duenak ikas dezala, eta bakea”, gaineratu zuen.

PSNren izenean Jorge Agirre parlamentaria mintzatu zen. Haren aburuz, Iriarteren mozioaren atzean gibel-asmo bistakoa zegoen: “Konforntazioa bilatu nahi duzu gai honekin, baina Txibite lehendakariak eta Gimeno kontseilariak argi utzi zuten ez dela inposiziorik izanen”.

"Hizkuntza gutxitua zapaltzaile moduan ikustarazi nahi dute"

Geroa Bairen izenean, Jabi Arakamak gogor kritikatu zuen Navarra Sumaren eta Iriarteren jokaera, “hizkuntza gutxitu bat hizkuntza zapaltzaile bezala” irudikatzeagatik. EH Bilduko Bakartxo Ruizek azaldu zuenez, “asmoa ez da euskara inposatzea baizik eta hezkuntza inklusiboagoa lortzea”.

Hain justu xede horrekin, koalizio independentistak Nafarroa osoan A ereduaren eskaintza bermatzearen aldeko zuzenketa aurkeztu zuen, baina ez zen onartua izan. A ereduan ikasleek euskara ikasgai moduan daukate, astean hiru orduz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!