Parlamentuak aho batez eskatu dio gobernuari izapide elektronikoak euskaraz egin ahal izatea

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 17a, 13:00
Nafarroako Parlamentuko osoko bilkura.

Neurria bermatzeko moduarekin desadostasunak agertu dituzte parlamentuko taldeek. PSNk eta Navarra Sumak muzin egin diote baliabideak ezartzeari. UEMAk eta Behatokiak bultzatu dute egitasmoa. Salatu dutenez, herritarrek tramiteen %23 soilik egin ahal dituzte euskaraz, eta udalen kasuan ehunekoa %2,5era jaisten da.

Hizkuntza politikan talde guztiak ados egotea ez da ohikoa, Nafarroako Parlamentua. Administrazio elektronikoan elebitasunaren alde egin dezan gobernuari eskaera egiteko mozioa aho batez onartu dute. UEMAk eta Behatokiak bultzatu dute egitasmoa. "Udalek eskura dituzten tramite telematikoetatik %97 inguru gaztelania hutsean egin daitezke eta herritarrek eskura dituzten tramite telematikoetatik ehuneko %70. Horrek esan nahi du ehuneko %30 bakarrik daudela euskara", azaldu zion Euskalerria Irratiari Behatokiko Agurne Gaubekak.

Izapide elektronikoak eskaraz egin ahal izateko neurriak behar direla uste dute guztiek, baita Navarra Sumak ere. Zein neurri ezarri beharko lituzkeen eztabaidatzerakoan, ordea, ez da adostasunik izan parlamentuan. Parlamentuan eztabaidatu duten Geroa Bai eta EH Bilduren mozio bateratuaren hiru puntuak ezberdin bozkatu dira. Lehena aho batez onartu da, bigarrena Navarra Sumaren ezezkoarekin eta hirugarrena UPNren eta PSNren kontrako botoekin. 

Bigarren puntuan Nafarroako Gobernuari eskatzen dio "sail bakoitzeko hizkuntza-planetan beharren ebaluazioa aurreikus dezala, egoitza elektronikoaren edukiak, izapideak eta gainerako jarduerak euskaraz eskuragarri egon daitezen". Puntu hori Navarra Sumaren aurkako botoarekin onartu da; izan ere, PSNk bazkideen aurrean amore eman du. 

Hala ere, testua ondo neurtuta zegoen alderdi sozialistaren aldetik, eta hasierako idazkera zehaztu du, "lanpostu elebidunen kopuru nahikoa ezartzearen" alde eginez. Geroa Baik eta EH Bilduk aipamen hori kentzea erabaki dute, onartuko zela bermatzeko, baina sozialistei aurpegiratu diete gai horretan duten "ausardia falta".

Administrazioan, oro har, eta egoitza elektronikoan bereziki, arreta euskaraz nola bermatu behar den da desadostasuna. PSNk Euskarabidearen itzulpen zerbitzuaren bidez egitearen alde egin du, eta Geroa Baik eta EH Bilduk, berriz, arreta digitala zein presentziala sailetako langile elebidunekin egitea eskatu dute.

Hori zen, hain zuzen ere, mozioaren hirugarren puntua, azkenean PSNren eta Navarra Sumaren ezezkoarekin atzera bota dutena. Testuak planteatzen zuen sail bakoitzeko hizkuntza-plantetan "lanpostu elebidunak ezartzea, herritarrei arreta euskaraz eman ahal izateko, telefonoz zein aurrez aurre, berdintasun-baldintzetan".

Mozioa ez da loteslea, eta, beraz, eztabaida horretan geratzen da, borondate politikoen azalpenean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!