Gehiengo sindikalak osasungintza publikoaren aldeko manifestazioarekin bat egin du

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 16a, 11:08

Osasun zerbitzu publiko duin eta Osasunbideko profesionalen lan baldintzak hobetzearen alde ostiralean eginen den manifestazioan parte hartzera dei egin dute LAB, ELA, CCOO, ESK, STEILAS, CGT, Solidari eta CNT sindikatuek.

"Osasungintza publikoa defenda dezagun" lelopean ostiral arratsaldean Iruñean eginen den manifestazioarekin bat egin du Nafarroako gehiengo sindikalak. "Pandemiak agerian utzi ditu Osasunbdieak dituen egiturazko arazoak eta gabeziak" salatu du prentsaurrekoan LAB sindikatuko Nafarroako arduraduna den Imanol Karrerak, "Osasungintza publikoa ahultzeak gure osasunak ahuldu ditu eta Osasunbideko langileak mugara eraman ditu". Egoera horren errudun Nafarroako Gobernua da sindikatuen ustetan, "Aurrekontuaren %5a zuzentzen zaio osasungintzari, Europako bataz bestekoa %7koa den bitartean" azaldu du ELA sindikatuko Maider Uhartek "Horrek suposatuko luke urtero 400milioi euro gehiago bideratzea osasun baliabide eta lantaldeetara". Egungo egoerak ondorio argiak ditu Osasunbideko langileengan, "Ezin dugu langile guztien %64a behin behinekoa den osasun sistema sustengatu" adierazi du CCOO sindikatuko Txetxu Rodriguezek, "2020an balkoietatik osasun langileei eman genizkien txlaoak, eskubide eta lan baldintza duin bihurtu behar ditugu orain".

Hori dela eta, Osasunbideko langileen eta plataforma honetan ordezkatuta dauden erabiltzaileen eskariari erantzunez, sindikatu batzuek ulertu dute unea dela ahaleginak batzeko eta beste egoera batzuetan dauden banaketak albo batera uzteko. 
"Mahai gainean ukabilkada bat jo da eta konponbideak eskatzeko unea da". Horregatik, bat egiten dute Nafarroako Osasun Plataformak bultzatzen duen manifestazioarekin, eta gonbidatzen dituzte Nafarroako Osasun Publikoko langileak eta erabiltzaileak bertaratzera. Manifestazioa 2022ko otsailaren 18an izango da, ostiralean, 19: 00etan Baluartetik abiatuta.


Sindikatuek aldarrikapen asko dituzte, baina ardatz hauek lehenetsi dituzte:
⦁ Plantilla dimentsionatzea eta egonkortzea, zerbitzu askotan behin-behinekotasun-tasa jasanezinak eta saturazioa eragotziz.
⦁ Osasunbideko aldi baterako langileen kontratazioa duintzea (prestakuntzarako sarbidea, mugikortasuna mugatzea, iraupen luzeagoko kontratuak), bai eta garbiketa- edo ikuztegi-kontratena ere; horietan lan-karga handiak daude, eta pixkanaka publiko egiteko joera dago.
⦁ Diskriminazioen amaiera, adibidez karrera profesionalera sartzean gertatzen denaren antzera karrera hori langile guztientzat ezarri behar baita, bai funtzionarioentzat, bai kontratatuentzat; edo osagarriak eta arriskuak onartzeko tenorean.
⦁ Kontingentzia arruntak estaltzeko gaur egun Mutua Navarrara bideratzen diren funts publikoak lortzea, mutualitate hori Osasun Sistema Publikoarekin hitzartuz.
⦁ Baliabide publikoak optimizatzea, aparteko jardueretan produktibitateetan ordainketa handiak egitea saihestuz; izan ere, gastu hori alferrikakoa da, eta langile guztiei itzul dakieke. Horrez gain, beste hobekuntza-neurri batzuk ere har daitezke itxaron-zerrenden aurka jarduteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!