Nafarroako enpresak gas-isuriak eta energia-kontsumoa murrizteko prest azaldu dira

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 15a, 18:00

Industria arloko enpresen %87tik gorak jasangarritasunaren aldeko pausoak emateko prest azaldu dira.

Nafarroako enpresen % 87,75ek aurreikusita dute deskarbonizazio-planen bat egitea, energia-kontsumoa eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko. Ekonomiaren eta Enpresen Garapeneko Departamentuak Nafarroako industriaren energia-kontsumoen analisiaren txostena aurkeztu da eta hori da ondorio nagusia. Irujo kontseilariak adierazi du Nafarroako Gobernuak enpresei lagunduko diela deskarbonizazio-prozesuetan, laguntzen eta ekintza-planen bidez.

Txosten horretan 49 enpresa aztertu dituzte, industria-kontsumo osoaren % 70,8 ordezkatzen dutenak, eta 2019. urtea hartu dute aztergai. Zehazki, urte horretan kontsumitutako petrolioaren baliokide diren 701.034 tonetatik, azterketako enpresek egindako energia-kontsumoa 496.097 da.

Azterlanaren ondorio gisa, azpimarratzekoa da Nafarroako industriek energia kontsumoa murrizteko eta deskarbonizatzeko planak egiteko duten interesa. 

Teknologiei dagokienez, hidrogeno berdearen erabilera, biomasaren kontsumoa, bero-ponpen instalazioa, autokontsumoa eta elektrifikazioa, besteak beste, neurri komunak eta beharrezkoak dira azterketatik ondorioztatzen diren deskarbonizazioan aurrera egiteko. Teknologia horien aurrean, Ekonomiaren eta Enpresen Garapeneko Departamentua hainbat ekintzari erantzuteko lanean ari da, hala nola Hidrogeno Berdearen Agendari, autokontsumorako, mugikortasunerako eta deskarbonizazio termikorako Next generation funtsen laguntzaren bidez. Horiek guztiek Nafarroako industriari laguntza eta babesa ematea dute helburu, eta beren premiekin lerrokatuta daude.

Laguntzak Gobernuaren partetik

Irujok adierazi duenez, 40 milioi euro inguru daude eskuragarri enpresek eta kontsumitzaileek energiaren kostuak arindu ahal izateko. "Autokontsumorako eta biltegiratzeko instalazioak ezartzeko, energia-eraginkortasuna sustatzeko edo ibilgailu elektrikoak erosteko diru-laguntzak dira, besteak beste", zehaztu du kontseilariak.

Gainera, Ekonomiaren Garapen eta Enpresa Saila lanean ari da enpresek deskarbonizazio-planak ezarri ditzaten, epe labur eta ertainerako ekintzekin, enpresei eraginkortasun- eta deskarbonizazio-prozesu hori egiteko dituzten aukera guztiak ebaluatzen eta ezagutzen laguntzeko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!