Datorren urtean izanen dira foru hauteskundeak, eta Espainiako hainbat erkidegoetan eskuinak eta eskuin muturrak izan duen gorakadarekin kezkatuta agertu dira gaur Nafarroako Parlamentuko taldeak. Zerbitzu publikoak babesteko politika aurrerakoiak behar direla nabarmendu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak.
Eskuinaren eta eskuin muturraren gorakadarekin kezkatuta, Nafarroan azken legegintzaldian eman diren akordioak egonkortu nahi ditu Ahal Duguk. “Urte bat dugu horretarako”, ohartarazi du Ainhoa Aznarez parlamentariak. Hiru akordio ditu helburu alderdi moreak. Nafarroako Gobenruko Migrazio Politiketako departamentuak elizaren sexu abusuen inguruan argitaratu zuen txostenari lotuta, bitimei egindako kaltea aitortzeko lege ekimena bultzatuko du Ahal Duguk: “Nahiz eta sotana eraman erasotzaileak eta bortxatzaileak dira”. Bestalde, bi lege aldaketa proposatuko dituzte: guraso bakarreko familien legea eta indarkeria matxistaren legea moldatu nahi dituzte. 2022ko foru aurrekontuak onartzeko Nafarroako Parlamentuan emandako indar metaketarekin bultzatu nahi dituzte proposamenak. PSN, Geroa Bai, Ezkerra eta EH Bildu taldeak deitu ditu.
EH Bilduk azpimarratu du Nafarroan aukera dagoela politika aurrerakoiak burutzeko. “Borondate politikorik balego, posible da. PSNk kontuan hartu beharko du hori, eta gehiengo hori babestu”, adierazi du Adolfo Araiz bozeramaileak. Geroa Baik, halaber, uste du Nafarroak “politika aurrerakoiak eta egonkortasun politikoa” behar dituela, une honetan. “Esperimenturik gabe”, zehaztu du Uxue Barkos eledunak. Nafarroako Gobernuaren “egonkortasuna” mantentzeko lan eginen duela esan du PSNk.