1948tik 1985era Nafarroan Eliza Katolikoaren baitan izandako sexu abusuak ikertu dituzte Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, eta emaitzak txosten batean aurkeztu dituzte gaur. Guztira 31 erasotzaile eta 58 biktima atzeman dituzte, eta hori “icebergaren punta” besterik ez dela uste dute. Txostenean lehen aldiz jaso dituzte adingabeko emakumeei mojek egindako abusuak.
Gaurko agerraldian parte hartu dute Eduardo Santos Migrazio Politiketako eta Justiziarako kontseilariak, Mikel Lizarraga NUPeko irakasle eta ikerketaren zuzendariak eta biktimetako batek, Maria Victoria Martinikorenak hain zuzen ere.
58 biktimetatik 43k parte hartu dute txostena osatzeko ikerketa prozesuan, beste batzuk hemerotekatik jasotakoak dira eta badira, halaber, haien kaxa NUPekin zein gobernuarekin harremanetan jarri direnak. Biktimek 5 eta 17 urte artean pairatu zituzten abusuak, 15 eskola eta sei egoitza erlijiosotan. Jasotako eraso gehienak 60 eta 70eko hamarkadetakoak dira.
Datu eta ezaugarri horiek oinarri hartuta, ikerketak ondorioztatzen du kasu gehiago egon badaudela. Mikel Lizarraga ikerketa buruak azaldu duenez, “Eliza Katolikoaren boterea oraindik presente dago Nafarroako biztanleriaren sektore esanguratsuetan” eta horiek “salaketak erakundearekiko erasotzat ikusten dituzte”. Ikerketan, halaber, biltzen da biktimek maiz entzun behar izan dituztenak: “zertarako ezer esan”, “hobe gauza hauek ez mugitzea” edo “gauza hauek toki guztietan gertatzen dira”.
Gogoratu dute Elizaren Erasoen Biktimen Elkarteko zenbait kidek mezu iraingarri, lizun eta mehatxuzkoak jaso dituztela. Icebergaren teoria hori indartzeko txostenak biktimek erasoen dimentsioari buruz eginiko gogoetak biltzen ditu. Besteak beste, Lizarrako Puy ikastetxeko biktimetako batek zehazten du “abusuen barra librea” zegoela. Kontseilariak gaineratu du Nafarroako Gobernuak "konpromiso sendoa" hartu duela gai horrekin, "biktimak babesteko Giza Eskubideen defentsa eta sustapeneko testuinguruan, ez ezeren eta inoren aurka". Santosek zehaztu duenez, "haurren eta nerabeen aurkako krimen izugarria" diren gertakari batzuen aurka egin dute, horiek argituak eta aitortuak izan daitezen.
Maria Victoria Martinikorenak 11 urte zituela jasotako sexu abusuen berri eman du gaurko agerraldian. Ikasturte oso batez pairatu zituen, moja baten eskutik. Berrogeita hamabost urte izan arte bere biktima izaeraz ez zela jabe izan aitortu du, tartean izandako arazo guztiekin.
Nafarroako Gobernuak, NUPek eta biktimek bat egin dute gaur, txostena “abiapuntua” dela adierazterakoan, eta aitortza ezinbesteko pausoa dela eta horretarako egia funtsezkoa dela. Bide horretan Elizaren kolaborazioa eskatu dute, nahiz eta oraindik gertakari ilun hauen ukazioan murgilduta egon.