Nafarroako jokabide suizidak prebenitzeko eta artatzeko Erakundearteko Koordinazio Batzordeak (NAPRESUI) Foru Komunitateko suizidioari buruzko iazko datuak aztertu ditu; izan ere, 2021ean 58 pertsonak egin dute beren buruaz beste, aurreko urtean baino %31,8 gehiago (44).
Errealitate horren azterketa partekatzeaz gain, batzordeak lehen aldiz foroan sartu du Lehen Mailako Arretako ordezkari bat, azaldu dutenez, “prebentzioari dagokionez oso garrantzitsua baita”, eta koordinazio-tresnak aztertzen ari da arrisku bereziko egoeran dauden biztanleak errazago detektatzeko.
NAPRESUI hainbat erakundek eta gizarte taldek osatzen dute. Haren partaide dira Nafarroako Gobernuko hainbat departamentu, zehazki, Osasuna, Hezkuntza, Gizarte Eskubideak, Lehendakaritza eta Barne departamentuak. Batzordean ordezkaturik daude halaber hainbat erakunde sozial: Besarkada, Itxaropenaren Telefonoa, komunikazioko profesionalak eta bizirik atera ziren aktibistak. Eta taldean daude, azkenik, hainbat polizia: Foruzaingoa, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia Nazionala.
Batez besteko adina: 50,6 urte
Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutuak emandako datuen arabera, Nafarroan 58 pertsonak -38 gizonek eta 20 emakumek- egin zuten beren buruaz beste iaz, eta batez beste 50,6 urte zituzten. Profilak kontuan hartuta, gizonetan arazo hori areagotu egiten da 21 eta 30 urte bitarteko adin-tartean eta 41 eta 50 urte bitartekoetan; emakumeetan, berriz, kasu gehien dituzten adin-tarteak 41-50 eta 51-60 urte bitartekoak dira.
Bestalde, beren buruaz beste egin zuten 58 pertsona horietatik 23 ( %39,7) Osasun Mentaleko sare publikoarekin harremanetan zeuden, eta %12,3 Psikiatriako Larrialdietako Zerbitzura (SUP) joan zen hil aurreko astean. Aurretiko suizidio-saiakeren presentzia %30 ingurukoa izan zen, erregistratutako kasuen artean literatura zientifikoan jasotakoaren antzeko datua.
Osasunbidea, Osasun Mentaleko Sarearen bidez, Suizidio Kodea ezartzeko lanean ari da, Historia Klinikoan (HC) integratutako tresna berritzailea, bere buruaz beste egiteko arriskuan dauden pertsonak identifikatzen eta haien jarraipena egiten lagunduko duena, osasun-sistematik bereizi ez daitezen eta behar duten arreta terapeutikoa jaso dezaten, lehentasunez, Sareko osasun-denborak kontuan hartuta.
Era berean, hurbilketa horri esker, erantzun azkarragoa eta eraginkorragoa emango da, faktore garrantzitsua baita arazo horri aurre egiteko; izan ere, krisi suizidak dituzten pertsonen jarraipenak horrelako jokabideak errepikatzea prebenitu dezake.
Bestalde, 2021ean bizia kendu zuten pertsonen erdiek Osasun Mentaleko diagnostiko klinikoa zuten. Ildo horretan, diagnostiko nagusiak nahasmendu afektiboak eta substantzien kontsumoagatiko nahasmenduak izan ziren, eta, ondoren, antsietate, nortasun eta eskizofrenia nahasmenduak.