Nafarroako toponimiaren 86.000 punturen koordenatuak jaso ditu Euskaltzaindiak leku-izenen datutegian

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 1a, 13:19
Patxi Galé Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kidea. (Argazkia: Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiaren webgunea kontsultatzen duenak klik batekin ikusi ahal izango du orain leku-erregistro bakoitza non dagoen, mapa eta airetiko argazkien bidez.

Nafarroako toponimia ofizialaren datutegian 96.000 leku-izen inguru daude. Leku-izen horiek kartografia ofiziala hornitzen dute eta bakoitzaren kokalekua zehaztasun handiz dago jasota, koordenatu geografikoen bitartez. Euskaltzaindiak ere badauka leku-izenen datutegi handi bat, Euskal Corpus Onomastikoa (ECO) izenekoa, eta, neurri batean, Akademiaren webgunean kontsulta daitekeena, hain zuzen, Euskaltzaindiaren Onomastikaren Datutegian (EODA). Orain, koordenatu haiek ekarri ditugu Euskaltzaindiaren datutegira, gutxi gorabehera 86.000 puntu kartografiko zehatz eta, horren ondorioz, Euskaltzaindiko webgunea kontsultatzen duenak klik batekin ikusi ahal izango du orain leku-erregistro bakoitza non dagoen, mapa eta airetiko argazkien bidez.

Lan interesgarri eta zehatz hau toponimiaz edo geografiaz interesa duen edonorentzat baliagarri izan daiteke, eta Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daiteke, Onomastika atalean (Leku-izenak). Patxi Galé Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak lanaren garrantzia azpimarratu du: “Euskaltzaindiaren datutegirako urrats handia da orain egin dena, bai webgunearen bidez kontsultak egiten dituztenen mesedetan eta bai ikerketan ari garenon lan-tresna gisa ere. 2020. urtean Euskarabideak eta Euskaltzaindiak sinatutako hitzarmen bati esker gauzatu da eta, helbururik behinena, leku-izenen kokaleku zehatza bistaratzea izan bada ere, lankidetzarako beste ate interesgarri batzuk irekitzen ditu”. Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzaren gakoak ere azaldu ditu Galék.

Bestalde, Mikel Arregi Euskarabidea Institutuko zuzendari kudeatzaileak nabarmendu nahi izan du “lankidetza tekniko baten atea” ireki duela lan honek. “Izan ere, lan honekin erlazionatuta gelditzen dira, neurri batean behintzat, Euskaltzaindiaren Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA) eta Nafarroako Toponimiaren Datu Basea; erlazionatuta toponimo berei erreferentzia egiten dieten horretan”. Arregik aukera profitatu du, gainera, José María Jimeno Jurío ohorezko euskaltzainak 1992-1999 bitartean zuzendu zuen lan “erraldoia” goraipatzeko, Foru Komunitateko toponimia aztertu baitzuen Nafarroako Gobernuak bere zuzendaritzapean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!