LAB sindikatuak igorritako oharrean “gazteriaren, migranteen eta epe luzeko langabezian dauden langileengan” jarri du arreta berezia eta, lan-erreforma kritikatuta, lan arloan aurrera egiteko “indarrak batzeko” deia luzatu.
Nafarroako gazteen lan egoerari buruz LABek zehaztu du 25 urtez azpikoen langabezia tasa “pandemiako datu okerrenetan baino askoz ere baxuago kokatu arren”, %18,23koa dela eta beraz “batezbestekoaren oso gainetik” dagoela. “Gazteriaren ehuneko garrantzitsu bat” langabezian egonik gogorarazi dute oharrean “gazte gehienek ez dutela inolako prestaziorik jasotzeko eskubiderik”.
Migranteen langabezia tasa, Nafarroako bataz bestekoaren %19 handiago dela adierazi du LABek, batezbesteko langabezia tasa Foru Erkidegoan “%9,93an badago, Espainiako estatuz kanpoko nazionalitatea dutenena %28,46an” kokatzen baita.
Testuinguru horretan “langabeziaren jaitsiera modu triunfalistan ospatzeari utzi eta jendarte osoari begirako politika publikoak” aldarrikatu ditu abertzaleen sindikatuak, tartean “kolektibo zaurgarrienak” babesteko. Gaineratu dute “langabezian dauden pertsonen ia erdia, %48, urtebete baino gehiago dagoela” lanik gabe.
Heldu den astean du Espainako Gobernuak lan-erreforma onartzeko asmoa eta zentzu horretan kritikatu dute “gutxi” duela “Raxoiren lan erreforma indargabetzetik”, eta PSOE eta UPk, patronala eta CCOO eta UGTrekin adostutako testua aurrera ateratzen baldin bada “Euskal Herriko langileriarentzat berri txarra” izango dela.
Azkenik gaineratu dute erreforma hori dela “azken urte luzeetan Espainiako estatuak izan duen gobernu ezkertiarrenak eskaintzen digun alternatiba” eta beraz, argi dagoela “inork Estatutik alternatiba etor daitekeela uste badu oker” dagoela. Lan erreformaren aurka posizionatuta “agertoki berri bat eraikitzen hasteko” indarrak batzera deitu du LABek.