Sara Pinaren hiltzailea espetxeratu egin dute

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 27a, 07:25
Sara Pinaren hilketa salatzeko Iruñean egindako elkarretaratzea. (Argazkia: Lohizune Amatria)

Jose Manuel Uruñuela Ansok hilketa aitortu du eta epaileak behin-behineko espetxeratze komunikatu eta fidantzarik gabekoa ezarri dio. Iruñeko kartzelara eraman dute.

13:15 aldera, Guardia Zibilaren ibilgailu bat atera da Tuterako epaitegietako garajetik. Atxilotua bertan zihoan, Foruzaingoaren auto bat aurretik zuela, eta Guardia Zibilaren beste ibilgailu bat atzetik.

Atxilotuak ordubete baino gutxiago eman du deklaratzen. Guardia Zibilak 10:45 aldera eraman du Tuterako Justizia Jauregira.

Jauregiaren aitzinean elkarretaratzea egin dute hainbat pertsonak. Gaztelaniaz “Denok gara Sara” dioen pankarta zabaldu dute, indarkeria matxista salatu dute, Sara Pinarentzat "justizia" eskatu dute eta Uruñuela hiltzaile deitu dute, oihuka.

Tuterako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiko eta Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegiko titularrak Uruñuelari behin-behinean, komunikatuta eta fidantzarik gabe espetxeratzeko agindua eman du.

Epaileak hilketa-delitua egotzi dio ikertuari, eta hark krimena aitortu du deklarazioan. Espresuki onartu du emazteari "lo zegoela" eman zizkiola labankadak, urtarrilaren 8tik 9rako gauean. Eta barkamena eskatu du.

Asteazken honetan egindako agerraldian, Fiskaltzak inputatua behin-behinean espetxeratzeko eskatu du, eta akusazio partikularrak neurri horrekin bat egin du. Nafarroako Gobernua akusazio nmoduan parte hartzen ari da. Defentsak, bere aldetik, behin-behineko askatasuna eskatu du, edo, hala badagokio, "hain astuna ez den neurri bat ezartzea".

Epaileak espetxeratzea agindu du auzipetua prozesuan egongo dela ziurtatzeko, "Ihes egiteko arriskua egon daitekeelako". "Hori ondorioztatzen da ikertuaren jardunbidetik bertatik; izan ere, Frantziara ihes egin zuen gertakarien ondoren, eta han atxilotu dute, barruti judizial horretako Guardiako Epaitegiak emandako Europako atxilotze-aginduaren ondorioz", arrazoitu du autoan.

Magistratuak azpimarratu duenez, inguruabar horiei gehitu behar zaie erailketa-delitu bat egotzi diotela, 15 urtetik 25 urte arteko espetxe-zigorrarekin.

Indarkeria matxista salatu nahi baduzu, deitu 016 zenbakira. Fakturan ez du arrastorik uzten, baina sakelako telefonoaren dei erregistrotik borratu beharra dago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!