Otsailaren 14ra arte luzatuko ditu gobernuak neurri murriztaileak

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 26a, 12:12

Bihar bidaliko dute foru arauaren luzapena Nafarroako Auzitegi Nagusira. Osasun arreta indartuko dutela adierazi du Santos Indurain osasun kontseilariak. Covid ataleko 700 osasun langileei kontratua berrituko die departamentuak. 

Nafarroako Gobernuak indarrean diren neurri murriztaileen luzapena eskatuko dio Nafarroako Auzitegi Nagusiari. Bermea lortzekotan,  beste bi astez behintzat tabernak eta diskotekak goizaldeko ordu batean itxi beharko dira eta egoitzetara, hoteletara edo gimnasioetara sartzeko ziurtagiria beharko da.  Foru Agindua otsailaren 14ra arte luzatu nahi dute. 

Neurri murriztaileez gain, osasun alorrean ere aldaketak iragarri ditu Nafarroako Gobernuak. Osasun zerbitzuak "saturatu" ez daitezen, osasun arreta indartu nahi dute eta kutsatzeak atzemateko zerbitzuak areagotu zaurgarrienen artean. Hala, aurretik iragarri bezala, COVID atalean diharduten 700 profesionali kontratua berrituko die departamentuak. 15 milioi eurotan handituko dute aurrekontua horretarako.

Azken hilabetean 90.000 kutsatze izan dira, Nafarroan. Intzidentzia altua izan dela onartu du kontseilariak. Orain, beheranzko joera finkatu nahi dute. Azken astean %22 egin dute behera kutsatzeek. Ospitaleetan ere hasi da nabaritzen beheranzko joera. Altua da okupazioa, baina, egunetik egunera gutxiago dira. 

Egoera honek lehen arretan eragin nabarmena izan du, baita txertaketan ere. Azken hilabetean kutsatu diren askok txerto gehigarria jasotzeko itxaron behar dutelako. Espainiako osasun konferentzian erabaki dute bost hilabeteko epea egon behar duela orain, kutsatzearen eta dosiaren artean. 

Hirugarren dosia jartzeko 18 eta 29 urte bitartekoen txanda zabaldu berri du osasun departamentuak. 60.000 pertsona inguru dira, eta otsailaren 1etik aurrea izanen dute aukera txertoa jasotzeko. Egun horretan, gainera, hitzordurik gabeko txertatzea lekuz aldatuko dute. Aurrerantzean Seminarioan eginen da. 

Txertaketaren eraginkortasuna azpimarratu du osasun kontseilariak. Ospitaleetan bizi den egoera jarri du adibide horretarako: azken txosten epidemiologikoan jaso dutenez, ZIUn ospitaleratutakoen % 50ek eta ohiko ospitalizazioaren % 25ek ez dute txertorik jarri.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!