Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna sinatu zenetik 4 urte luze igaro ondoren, LABek argi du Hezkuntza Departamentuak ez duela inolako asmorik Itunean sinatutakoa betetzeko. "Hezkuntza Departamentuak ez ikusiarena egiten du Irakaskuntza Publikoa hobetuko luketen auzi guztien aurrean, are gehiago hobekuntza horiek nolabaiteko gastu ekonomikoa ekartzen badute. Gure iritziz, gai horiei lehenbailehen heldu beharko litzaieke, arazoei konponbide egokia eman ahal izateko" salatu dute.
Itunean adostutako alderdi batzuk gastu handia ekar badezakete ere, uste LABek uste dy inbertsio hori ezinbestekoa ere badela benetan hezkuntza publikoa hobetuko nahi bada, zuzen-zuzenean eragiten baitute kalitatean. LABetik Departamentuari behin baino gehiagotan eskatu bezala, beharrezkoa da hainbat gairi lehentasuna ematea, hala nola, ratioak eta irakasleen eskola-orduak jaisteari, ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia arautzen dituen uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretua berritzeari, edo Itunaren II. ataleko 4. artikuluan aipatzen den eta orain ukatzen ari den irakasleen adinagatik zuzeneko saioak murrizteko eskubideari, besteak beste.
Ituna 2018-2022 epean gauzatu behar zen; jada laugarren urtean gaude eta irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko gauza asko falta dira oraindik. "Hezkuntza kalitateaz asko hitz egiten du kontseilariak baina, antza, ahaztu egiten du hori bermatzeko pausuak eman ere egin behar direla. LABetik adi jarraituko dugu hala egin dezala exigitzeko" azaldu dute.
Seigarren olatuak agerian utzi du egoera
Koronabirusaren azken olatuak irakasle, zuzendari talde eta ikastetxeen egoera tenkatu du. "Ituna beteko balitz muturreko egoera honi hobeto ahalko zitzaion erantzun, irakasleek beste taldeak hartzeko aukera eta ordu gehiago izanen zutelako" azaldu dute LAB sindikatuko kideek. "Berandu ari da erreakzionatzen departamentua, oso mantso eta irakasleak ordezkatzen direnerako, egun gehiagi ari dira pasatzen".