Hitzarmen ekonomikoaren gaineko desadostasunak lantzeko bilera eginen dute ostiralean

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 24a, 11:47

Geroa Baiko Uxue Barkos eta PSNko Ramon Alzorriz, Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: Nafarroako Parlamentua.

Ogasun kontseilari Elma Saizek eztabaidatzera deitu ditu parlementuko alderdiak. Geroa Bai baikor azaldu da: “Sozialistekin izan ditugun azken elkarrizketen ostean, gertu ikusten dugu onarpena”. Geroa Baik eta EH Bilduk ez dute bat egin departamentuaren proposamenarekin.

Abenduaren 24ko osoko bilkurara eraman zuen hitzarmen ekonomikoaren legearen erreforma exekutiboak; baina, Geroa Baik eta EH Bilduk abstentziora joko zutela iragarri ondoren atzera egitea erabaki zuten. Hitzarmen ekonomikoaren legearen erreforman Ogasun departamentuak 67.2 artikuluan egindako moldaketa da gobernu kideen artean eztabaida eragin duena. Artikulu horrek autogobernua kolokan uzten duela uste dute Geroa Baik eta EH Bilduk. Koordinazio Batzordearen eskumenen artean egozpen-indizea zehaztea sartu nahi du gobernuak.

Akordioa lortzeko negoziazioak ostiralean abiatuko dituzte. Geroa Baiko eledun Uxue Barkosek uste du laster iritsiko direla adostasun batera. PSN alderdiko gobernu kideekin izandako azken elkarrizketek baikor izatera eraman duela azaldu du. Gobernu kideen arteko adostasuna, baina, ez da nahikoa izanen gobernuarentzat legea aurrera eramateko. EH Bildu edo Navarra Sumaren botoak behar ditu. Sozialistek gaur berretsi dute “oso garrantzitsua” dela aurrera ateratzea. “Prest gaude akordio batera iristeko, talde guztientzako ditugu ateak zabalik, edozein dela irizpidea”, adierazi du Ramon Alzorrizek. Hala ere, ohartarazi die taldeei Espainiako Gobernuarekin adostutako testua dela parlamentura eramango dutena, eta moldatuz gero Espainiak eman beharko lukeela oniritzia.

EH Bilduk negoziaziorako borondatea izanen duela ziurtatu du, baina baldintza bat ezarri dio gobenuari: “62. artikuluaren moldaketa ezabatzea da akordiorako gunea, gu gainerako moldaketen alde bozkatzeko prest gaude”, azaldu du Adolfo Araizek. Ahal Duguk eskatu dio gobernuari kideen artean bilatzeko babesa.

Navarra Sumak gobernuari kritikatu dio gaur arte ez dietela galdetu zein iritzi duten gaiaren inguruan. Kazetarien galderak erantzunez, baina, ez dute lege proposamenaren gainean duten jarrreraren berri eman nahi izan. Bilerarako deirik jaso ez dutela adierazi du Carlos Perez Nievas parlamentariak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!