Kutsatzeek behera egin dute Nafarroa, hirugarren astez jarraian

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 24a, 11:25
  • Jaitsiera %25ekoa izan da, atzo erregistraturiko 1.200 positiboak aintzat hartuz
  • Nafarroako Gobernuak aste erabakiko du neuri murriztaileekin zer egin, EAErekin, Aragoirekin eta Errioxarekin harremanetan.

Azken aste honetan 13.754 positibo atzeman ditu Nafarroako Gobernuak. Joan den astean, 18.322 izan ziren. Jaitsiera, beraz, %25ekoa da.

Atzo, igandearekin, gutxienez 1.200 kasu berri erregistratu zituzten, Osasun Departamentuak eskainitako behin-behineko datuen arabera. Larunbateko 1.309en azpitik daude (datu eguneratua autotest gehiagorekin, atzo 1.234 jakinarazi ondoren), eta duela zazpi eguneko 1.774en eta duela 14 eguneko 2.736en azpitik ere bai.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta bozeramaileak atzo adierazi zuenez, Nafarroan egunero gertatzen diren koronabirus kutsatzeen beherakadak, oraindik agerikoa den ospitaleetako presioaren jaitsieran eragina izan zain, pandemiaren seigarren olatuaren "irteera horizontean" gaudela pentsarazten du.

Erietxeei dagokienez, egun 276 pertsona daude ospitaleraturik, horietako 33 zainketa intentsiboetako unitatean. Lehendakariordeak adierazi zuenez, Nafarroa Garaia covid-19aren kasu positiboen "murrizketa-bidean" dago, eta "sendotu egin behar dira", nahiz eta azpimarratu zuen "ospitaleetako presioa oraindik ere bereziki altua" dela.

Ildo horretan, nabarmendu zuenez, "hiru aste daramatzagu jarraian kasu positiboak murrizten, baina oraindik badago dekalaje bat, asistentzia-presioan beti gertatzen dena, eta espero dugu gutxitzen joatea".

Gainera, adierazi zuen datorren astean baloratuko dela egungo neurrien jarraipena edo aldaketa, oraingoz urtarrilaren 31ra arte baitaude indarrean. Gai hori "Osasun arloko adituen eskutik landuko da beti, eta Aragoirekin, EAErekin eta Errioxarekin partekatutako hausnarketa-gune batera iristeko ahalegina egingo da", azpimarratu zuen.

Ildo horretan, "beti" mahai gainean jartzen diren neurrien helburua "osasun publikoa lehenestea eta osasun publikoarekin lotutako jarduera sozial eta ekonomiko handienari eustea" dela adierazi zuen. Gainera, "egokiak eta beharrezkoak" izan behar dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak babes ditzan.

Azkenik, asteburuko proba diagnostiko kopuru txikiagoaz galdetuta, Remirezek erantzun zuen "baliabideen erabilgarritasunari buruzko kontuak" direla, baina nabarmendu zuen, asteburuak alderatuta, kutsatzeen murrizketa hori ere antzematen ari dela.

Iruñean atzo 400 kutsatze baino gehiago izann ziren. Horien artean daude Arrotxapeko ia 60 kutsatzeak, Txantreako 46ak, San Juango 43ak, Bigarren Zabalguneko 38ak edo Iturramako 35ak. Nafarroako hiriburuaren ondoren, Sarriguren izan zen eguneko kasuen zerrendaburu, udalerrika, ia 100 kasurekin, betiere Gobernuak egunero emandako lehen datuen arabera. Ondoren, Tutera (65), Mutiloa (30), Antsoain (28), Tafalla (26), Burlata (25), Barañain (24), Lizarra (23), Berriozar (22).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!