“Haserre” azaldu da arlo honetako profesionalen bozeramailea, Iñaki Santiago. Haserre ez soilik agintariekin eta gainontzeko politikariekin, baita gizartearekin ere, haien lana “baloratzen ez dutelakoan”. Honekin guztiarekin batera, Larrialdietako Medikuen espezialitatea aitortzea eskatu dio Santiagok Espainiako Gobernuari.
Nafarroako Medikuen Elkargoaren egoitzan eginiko prentsaurrekoan Larrialdietako Medikuen Elkarteko presidenteak pandemia dela eta, arloko profesionalen artean dagoen nekea aitortu du, besteak beste, bertako medikuen %80 kutsatu direlarik.
Hori dela eta euren lana baloratua izan dadin eskatu die agintari eta herritarrei, besteak beste eta haren hitzetan, “pandemia hasi zenetik COVID19a dela eta ospitaleratutako paziente guztiak Larrialdietatik pasa direlako”.
Iruñean 50 bat profesionalek lan egiten dute Larrialdi zerbitzuetan eta Pandemiak eragindako gaixoei egunerokotasunean gertatzen diren istripu eta azaleratzen diren gaixotasunak pairatzen dituzten gaixoak bertan artatzen dituztela gogorarazi du Santiagok, aldarrikatuta Osasun sistemaren segurtasuna eta jasangarritasuna Larrialdi zerbitzuan oinarritzen dela.
Hori dela eta haien lana aitortzeko modurik onena Larrialdietako Mediku eta Erizainen espezializazioa ofizialki egitea dela berretsi du Iñaki Santiagok, medikuen kasuan MIR espezializazioaren bidez, horrek Larrialdietako Zerbitzuen homogeneitatea ekarriko duelako.