Gaur sinatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Elhuyar Fundazioak euskaraz LINGUATEC proiektuan garatutako tresna eta aplikazio teknologikoak sustatzeko lankidetza-hitzarmena. Bertako hizkuntzarentzako duen erabilerari etekina ateratzeko akordioa ere EHUk sinatu du eta Zaragozako, Paueko unibertsitateek aldiz, aragoiera eta okzitanierarentzako.
LINGUATEC Europa mailako hizkuntza eta teknologia garapenerako proiektua da eta NUPeko errektoreak, Ramon Gonzalok, sinatutako akordioak lau urteko iraupena izango du.
Elhuyar Fundaziotik azaldu dutenez "mugaz gaindiko lankidetza-proiektua da, eta haren helburua da aragoieraren, euskararen eta okzitanieraren digitalizazio-maila hobetuko duten hizkuntza-baliabide, -tresna eta -aplikazio berritzaileak garatzea, erakustea eta hedatzea". Tartean helburuetako bat izanen da "erabiltzaileek edukietarako sarbide eleaniztuna" izatea.
Akordioaren arabera Elhuyar arduratuko da "unibertsitateen esku jartzeaz euskara, aragoiera eta okzitanierarentzako garatutako tresna eta aplikazio teknologikoak".
Honako itzulpen automatikorako, ahotsa ezagutzeko eta ahotsa sintetizatzeko teknologiak garatu eta partekatzeko konpromisoa hartu dute: Google Chrome eta Firefoxentzat deskargatu daitezkeen aplikazioak, CMSentzako pluginak (Wordpress, adibidez), zuzentzaileak, itzulpen automatikorako aplikazioak eta audiogida eleaniztunak (Elia, Traduze, Aragonario, Aditu, VOTZ, ReVOc, LinguaPir, Revirada…).
NUPek euskararen, garapen teknologikoan lagunduko duten "hizkuntzari aplikatutako adimen artifizialeko proiektuetan lagunduko du".