Iaz "gutxienez" 241 hitzordu tranpa egin zirela salatu dute

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko urt. 18a, 12:49

Paperak eta Eskubideak Denontzat, Munduko Medikuak eta SOS Arrazakeriak elkarteetako ordezkariak, Nafarrroako Parlamentuaren aurrean.

"Profil etnikoan oinarritutako kontrolak" eta "hitzordu tranpak" bertan behera uzteko babesa eta konpromisoa eskatu dute Nafarroako Parlamentuan Paperak eta Eskubideek Denontzat, Munduko Medikuak eta SOS Arrazakeria Nafarroak taldeek. Espainiako Gobernuko Nafarroako ordezkariak "irmoki" ukatu ditu.

Errealitate beraren oso bestelako irakurketa egin dute gaur Espainiako Gobernuko Nafarroako ordezkaritzak eta Paperak eta Eskubideak Denontzat, Munduko Medikuak eta SOS Arrazakeriak elkarteek.

Azaroaren 12an salatu zituzten zitazio tranpak Paperak eta Eskubideak Denontzat, Munduko Medikuak eta SOS Arrazakeriak. Horien inguruko informazioa jasotzeko, Migrazio eta Justizia Politiken departamentura eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzara jo dute. Gobernuak ez die eskatutakoa argitu; bai, ordea, Espainiako Gobernuak.

Identitate kontrol arrazistak daudela ukatu du Espainiak, baina haien salaketa berresten duen hainbat datu eman dizkietela azaldu dute. 2021an urriaren 31ra arte, esaterako, “kanporatze espedienteak aztertzeko” 214 zitazio egin ziren, Nafarroan. Elkarteek zehaztu dute, ordea, jasotako hitzorduetan “administrazio egoera” aztertuko zitzaiela esan zaiela, atxiloketa mehatxupean, gainera.

Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak "erabateko irmotasunez" ukatu du Nafarroan etorkinei "tranpa hitzorduak" ematen ari zaizkiela. Hala egin du ere José María Borja Moreno Nafarroako Polizia Nazionaleko buru nagusiak: “Nik ez du halako agindurik eman, eta ez dut emanen”.

Hiru urte dira elkarteak halako zitazioen gainean lanean ari direla, eta ezein administraziok ardurarik onartu ez duela salatu dute. Hori bera, babesa eta konpromisoa eskatu diete parlamentariei, Migrazio politiken batzordean.

Bizikidetzaz, inklusioaz eta integrazioaz hitz egiteko, arrazakeria estrukturala aitortu eta erreparatu behar dela uste dute. Nafarroan foru araudi propioa garatzeko galdegin dute, hemen bizi diren edo hemendik igarotzen diren pertsonen eskubideak urratzea eragotziko duena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!