Sara Pinaren hilketa salatzeko elkarretratzea egin zuten atzo ilunabarrean Iruñeko Udaletxe plazan, Euskal Herri osoko beste hainbat herritan eta auzotan bezala.
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiari erantzunez bertaraturikoek afixak zeramatzaten. Horietan, besteak beste, “Sara ez zaitugu ahaztuko”, “Matxismoak hiltzen du”, “Nazkatuta gaude” eta “Justizia eta konponketa” irakur zitekeen.
Elkarretaratzearen amaieran irakurririko agirian indarkeria matxista arazo estrukturala dela nabarmendu zuten: "Baliabideak eskatuko ditugu instituzio publikoetan, eraldaketa soziala lortzeko. Gizarteak aldaketa beharra dauka, eta jarrera matxistak eta sexistak behingoz amaitu behar dira."
Agur jendetsua Cortesen
Bostehun lagunek parte hartu zuten atzo Sara Pinaren hiletan, Cortesen, haren jaioterrian. Tuteran, Udalak deiturik, mila lagun inguruk esku hartu zuten Foruen Plazan egindako elkarretaratzean. Eta mobilizazioak izan ziren Corellan, Cintruenigon, Alesbesen eta Murchanten, besteak beste. Pina Castejongo Dos de mayo ikastetxeko irakaslea zen. Ikastetxeko hezkuntza komunitateak (irakasleek, ikasleek, gurasoek) ekitaldia egin zuten atzo, azken agur moduan.
Zenbait egun igaroko dira Frantziak atxilotua Tuterako Auzitegiaren esku utzi arte
Larunbatetik iganderako gauean hil zuten Sara Pina. Ustezko hiltzailea haren senarra, Jose Maria Uruñuela da. Ihes egin zuen eta jendarmeek Tuteratik 500 kilometrora atxilotu zuten, Bordele ondoan. Egun batzuk pasako dira jendarmeek Uruñuela Tuterako auzitegiaren esku utzi aurretik. Izan ere, lehendabizi Parisera eraman behar dute, justiziak haren aurkako euragindua azter dezan. ETa prozesua luza liteke, baldin eta Uruñuelak estradizioaren kontra eginen balu. Nafarroako Gobernuak dagoeneko iragarri du Uruñuelaren aurkako akusazioan parte hartuko duela.
Sara Pina indarkeria matxistak aurten Nafarroan zein Euskal Herrian hildako lehen emakumea da. Iaz bost emakume hil zituzten Euskal Herrian, horietako bat Nafarroan.
Indarkeria matxista pairatzen baduzu edo kasuren bat salatu nahi baduzu, deitu 016 telefonora. Fakturan ez du arrastorik uzten, baina sakelako telefonoko dei erregistroan bai, eta ezabatu beharra dago.