Bizikidetza plan estrategikoa onartu du Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 30a, 08:19

Proposamen integrala garatu nahi izan du gobernuak, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako bizikidetza eraikitzeko.

Lau urteko iraupena izanen du Nafarroako lehenengo 2021-2024 Bizikidetzarako Plan Estrategikoak .“Dokumentuarekin gure asmoa da, politika publikoen lidergotik, aurrerapausoak ematea kalitatezko bizikidetza baterantz, zein lotuta dagoen giza eskubideen aldeko balioekin, esaterako askatasuna, justizia, berdintasuna, elkartasuna eta ezberdinen arteko errespetua”, azaldu du Ana Ollo herritarrekiko harremanetarako kontseilariak. Helburua da “gatazka eta intolerantzia eszenatokiak aldaraztea, gorroto mailak eta bere adierazpenak ahalik eta gehien murriztuz, diskurtso diskriminatzaileak saihestuz eta aberastasun modura dibertsitatea sustatuz”.

67 erakundek eta 300  norbanakok hartu dute parte bizikidetza planaren garapenean. 18 milioi euroko aurrekontua izanen du, eta ia 100 ekintza biltzen ditu, sei errealitateei lotutakoak: Giza eskubideen aplikazioa; bizikidetza iritzi eta ideologia, identitate, sexu eta genero aukera, ikuspegi laiko eta fededun, kultura eta jatorri ezberdinen artean; terrorismoaren eta indarkeria politikoaren eskubideen onarpena eta aplikazioa; memoria kritiko eta inklusibo baten eraikuntza; bizikidetzari begira hezteko eta ikasteko gure beharra; eta erakundeen eredugarritasuna hala nola bizikidetzaren erreferenteak izateko duten ahalmena.

Plana parlamentuan aurkeztuko du orain Ana Ollo kontseilariak berak. Gaiaz iritzia plazaratzen lehenengoa Geroa Bai izan da. Oniritzia agertu du, diotenez planak “funtsezko pausoa ekarriko baitu Nafarroa anitz eta giza eskubideekiko eta balore demokratikoekiko begirunetsu batean berdintasunezko eta askatasunezko bizikidetzan aurrera egiteko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!