Kontu Ganberak iritzi du Nafarroako udalen mapa "ez dela eraginkorra"

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 22a, 14:15

Erakunde publikoen kontrol ekonomikoaz arduratzen den organismoak toki administrazioari buruzko txostena argitaratu du. Bertan, udal, kontzeju eta gainerako udal erakundeen egoera orokorra aztertzen du.

Nafarroako Kontu Ganberak toki administrazioen (udal, kontzeju...) egoera aztertzen duen txostena argitaratu du. Bertan azken urteetako ondorio bera atera du: Nafarroako tokiko-mapa ez da eraginkorra.

Hori esaten du batez ere Nafarroan udalerri gehienek (%69) 1.000 biztanle baino gutxiago dituelako eta beraz erabat baldintzatuta dagoelako hauek duten baliabide kopurua. 

702 toki entitate daude Nafarroan: 272 udal, 346 kontzeju, 62 mankomunitate eta 22 udal elkarte.

Txostenak gogoratzen duenez, "Nafarroako Parlamentuak, 2019ko otsailean, toki administrazioaren erreformarako legea onartu zuen" baina "lege nagusia garatzeko behar diren erabaki eta arauetan" ez dela "aurrera egin".

Udaletako kontuak

2019an, Udal erakundeek 890 milioi bildu eta 885 milioi gastatu zituzten. 2020 urteko datuekin alderatuz, diru-sarrerak %6 handitu ziren eta gastuak berriz, %12.

Bataz beste diru-bilketen %22 zerga bidez jasotzen dute udalek eta %19 inguru tasa eta prezio publikoetatik. Gehiena ordea Nafarroako Gobernuak zein, neurri txikiagoan, Madrilgo Gobernuak eginiko transferentzietatik, %49.

Gastuen bi heren langile publikoengan zein zerbitzuetan inbertitzen dituzte udal eta kontzejuek.

2019an, toki erakundeek 107 milioiko aurrezki garbia lortu zuten eta 2020ko diruzaintza soberakina: 275 milioi. Udalen zorra 180 milioikoa zen, 2015ean baino %40 gutxiago.

Datu horiek guztiek kontuan hartuta, honakoa iritzi du Kontu Ganberak: "toki administrazioaren finantza egoera ona islatzen dute". Gainera, nabarmentzen du "bilakaera adierazle guztietan" ona dela.

Txostenak "Foru Administrazioari eta Parlamentuari toki administrazioaren erreformarako bidean aurrera" egin dezatela eskatzen die, hau da, onar ditzatela Tokiko-Maparen legearen garapenak eskatzen dituen arau eta erabakiak. "Udal kontabilitatea gaurkotzeko beharra" ere aipatzen du, kontabilitate publikoaren plan orokorrera egokitzeko.

Gainera udalei eskatzen die "lan eskaintza publikoak egiteko" langileen artean dagoen behin-behineko kontratazio maila handia gutxitzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!