Nafarroako Gobernuak emandako lehen datuen arabera, duela 10 egun jazotako ibaien gorakadaren eraginez nekazaritza erabilerarako kaltetutako azalerak 10.000 hektarea baino gehiago dira Nafarroa osoan. Landa Garapen eta Ingurumen departamentuko teknikariek laborantza-lurretan eta labore iraunkorretan egindako lehen ikuskaritza lanen emaitzak dira hauek. Gehien kaltetutako uztak brokoliarena (3.400 hektarea) eta azalorearena (1.100 hektarea) izan dira.
Konponketa lanei ekin eta kalte-ordainen zenbatekoa kalkulatu eta horiek ordaintzeko unea da orain eta horretan aritu dira gaurkoan Nafarroako Gobernua, Erriberako zenbait Udalerri eta Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministerioa besteak beste. Foru-agintaritzaren partetik Landa Garapenerako eta Ingurugiro kontseilaria izan da Itziar Gomez. Harekin batera Erriberako lurrak begiratzen Ribaforada eta Buñuelgo alkateak eta Tuterako Udaleko ingeniaria izan dira.
Orain konponketa-lanak antolatu behar dira, udalek behin kalteen memoria zehatzak bidalita. Landa Garapen eta Ingurumen departamentuko talde teknikoak arduratuko dira, ondoren, larrialdiko konponketak ikuskatzeaz, kalteak ebaluatzeaz eta programatzeaz.
Nekazal lursailei buruzko lehen ebaluazio honi nekazaritza-azpiegituretan eragindako kalteak gehitu beharko litzaizkioke, hau da, 2.000 hektarea inguru.
Brokolia eta azaloreaz gain, artoa, neguko zerealak, alpapa, orburua, zainzuria eta kardoaren uztak kaltetu dituzte uholdeek. Fruta-arbolak, mahastiak, olibondoak eta fruitu lehorren zuhaitzak ere hondaturik gelditu dira.