Nafarroak bere gain hartuko du hiru zerga berriren bilketa

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 20a, 15:10

Nafarroako ordezkaritza, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria buru, Hitzarmen Ekonomikoaren Koordinazio Batzordearen bileran. Iturria: Nafarroako Gobernua

Hitzarmen ekonomikoa zaharberritzeko akordioaren nondik norakoak azaldu ditu gaurkoan Elma Saiz Ogasun kontseilaria.

Foru Erkidegoaren eta Estatuko Administrazioaren ordezkariek osatzen duten Negoziazio Batzordeak Nafarroaren eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoaren Legea eguneratzeko akordioa sinatu du gaur eguerdian. Honi esker, besteak beste, Nafarroak hiru jarduera berriren gaineko zerga bilketa bere gain hartuko du.

Adostutako eguneraketa  Nafarroako Parlamentuak eta Estatuko Gorte Nagusiek onartu beharko dute. Nafarroaren eta Estatuaren arteko harremanak arautzen dituzten zerga eta finantza gaiei buruzko Legearen 28 artikulu, 6 xedapen gehigarri eta 7 xedapen iragankor aldatzea eragiten du akordio berriak. 1990eko Hitzarmenaren seigarren aldaketa da. Ordutik gaur arte 1993, 1998, 2003, 2007 eta 2015ean egin ziren eguneraketak.

Nafarroako Ogasunak hiru zerga-figura berri bilduko ditu: finantza-transakzioen gaineko zerga, zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga eta merkataritza elektronikoaren gaineko BEZa. Hitzarmen berria Nafarroako Parlamentuak zein Madrilgo Diputatuen Kongresuak babestuko dutenetik beraz, jarduera ekonomiko horien gaineko zerga bilketaz arduratuko da Nafarroa.

Elma Saiz Ogasun kontseilariaren ustez, akordio hau "Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harreman onen erakusgarri da, eta Nafarroan luzaroan bilatutako helburu bat lortzea dakar". Saizen arabera, "Estatuarekin lortutako akordioak Nafarroako zerga- eta finantza-araubidea indartzen du, eta bere edukian islatzen du Ekonomia Hitzarmenak lortutako heldutasuna eta egonkortasuna".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!